Nerea Ibarzabalen 'Bar Gloria' liburuaz ariko dira Etxebarriko Irakurleen Txokoan
Etxebarriko Irakurleen Txokoak saioa egingo du eguenean [ekainak 1] 18:30ean, udaletxean. Saioan Nerea Ibarzabalen Bar Gloria liburuaz ariko dira, eta Ibarzabalek berak ere saioan parte hartuko du. Irakurle Txokoko kideek gogoratu dute liburua irakurri nahi dutenek herriko liburutegian dutela eskuragarri. Markina-xemeindarraren lehen eleberria 111 Akademiaren Saria jasotzeko hautagaien artean egon da.
Liburuak Ana, Rakel eta Migelen istorioa kontatzen du. “Egunaren zurrunbiloa noiz apalduko daude Ana, Rakel eta Migel, patxaran gozotan hirurei eusten dien sarea ehuntzen segitzeko. Idi buru bat dute zelatan —gorputz gaixo baten itzala ilunpean—, eta distantzia gutxira dute Paradise, desira ukatuen dantzaleku, gela erreserbatu eta moketazko hormekin; eta baita hiria ere, lagunarte berri, arrotz denaren aire urduri eta modernitatearen lokalizazioekin”, azaldu du idazle eta bertsolariak.
Joan den barikuan [maiatzak 26] Ziortza-Bolibarren aurkeztu zuen Ibarzabalek liburua, eta bertako saioa “arrakastatsua” izan zela esan dute bertaratutakoek. Beraz, bide beretik joan nahi dute etxebarritarrek.