Ondarroako Udalak 2023ko aurrekontua onartu du
Andra Mari parrokiari ordaindu beharreko 1.400.000 euroko diru saila da garrantzitsuena. EAJk lau emendakin aurkeztu ditu baina EH Bilduren udal taldeak ez ditu onartu.
Ondarroako Udalak 2023rako aurrekontua onartu du; 13.759.310,17 eurokoa izango da. Maiatzaren 24an egindako osoko bilkuran onartu zen aurrekontua; EH Bilduk proposamenaren alde bozkatu zuen eta EAJ abstenitu egin zen. Hortaz, aurrekontua aurkako botorik gabe onartu zen. EAJk azaldu duenez “gabezia nabarmenak” sumatu duten arren, ez zuten aurtengo ekitaldiko kontuen aurka egin nahi izan: “Hobe da aurrekontu berri bat edukitzea 2022ko luzapenarekin jarraitzea baino, naiz eta urtarriletik onartuta egon beharko lukeen”.
Ondarroako Andra Mari parrokiari ordaindu beharreko 1.400.000 eurokoa izango da partidarik garrantzitsuena. Udaletik jakinarazi dutenez, 2007an sinatu zen hitzarmena. Horretan, Txomin Agirre ikastolako jolastokia, estalpea eta beheko garajeak urtebetean egitea zehazten zen. Hitzarmena bete ezean, atzeratutako egun bakoitzeko 300 euroko isuna ordaindu behar zuten. Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga jarduneko alkateak zehaztu du “ezinezkoa” zela hitzarmena: “Ezinezkoa zen, bai denbora aldetik eta baita lege aldetik ere, eta ordaindu beharrean gaude orain. Uste dugu gai hau behin betiko ixteko onena dela ordainketa egin eta agintaldi berrirako ez uztea”. Epaitegien esku geratu zen gaia, eta urte luzez mantendu da horrela. “Udalak kalte ordain gisa ahalik eta gutxien ordaintzeko ahalegin guztiak egin dituen arren, epaiak argi utzi dio udalari herriari dagokiola kalte ordain guzti hori ordaintzea”.
EAJk dio aurreikusitako inbertsioak “ez direla eraldatzaileak” zehaztu du: “Agerian geratu da, hein handi batean, mantentze lanez ari garela”
Proiektu berriak. 2023rako aurrekontuan jasota dituzten lanen artean proiektu hauek zehaztu dituzte:
- 50.000€ auditorio berriaren proiektuaren idazketarako
- 36.802€ Zaldupe udal kiroldegiko gimnasioko makineriaren berritzeko
- 45.000€ Zubi Barriko biribilgune inguruan trafikoa erregulatzeko semaforoa jartzeko
- 70.000€ Zaldupe udal futbol zelaiko aldagela berrien exekuzioko aurretiazko lanak egiteko
- 75.856€ Kamiñazpiko igogailuaren aurretiazko lanak egiteko eta obra zuzendaritzarako, eta 633.446,98€ obra egiteko
- 70.000€ Berdura Plazako proiektua egiteko
- 130.000€ Artabide-Antiguako Ama eskaileren konponketarako.
EAJren udal taldeak hainbat “gabezia” azpimarratu ditu aurtengo kontuan: “13,5 milioi euroko aurrekontuaz hitz egiten den arren, finantza txostenen arabera ez dute aurreikusten osorik gauzatzea. Hau da, kopuru horretatik 1,68 milioi euro ez erabiltzea aurreikusten da”. Horrez gain, aurreikusitako inbertsioak “ez direla eraldatzaileak” zehaztu du: “Agerian geratu da, hein handi batean, mantentze lanez ari garela”. Horrez gain, zehaztu dute aurretik iragarritako zenbait proiektuk “ez dutela lizitatzeko eta gauzatzeko aurrekontu partida nahikorik eta ez direla aurrekontuan jasotzen”; Kamiñazpiko igogailuaren proiektua horietako bat dela diote.
Udaletik zehaztu dutenez EAJk emendakin batzuk aurkeztu zizkion udal gobernuaren aurrekontu proposamenari, zehazki, 108.000 eurokoak. Jeltzaleek zehaztu dutenez, “EH Bilduren gobernu taldeak ez du horietako bat ere onartu”.
EAJk proposatutako emendakinen artean lehenengoa 40.000 eurokoa zen, Mugikortasun Plana egiteko. Udaletik epeak ikusita ezinezkoa ikusi zuten proposamena aurten lizitatzea, hortaz, ekarpena kontuan hartu eta datorren urterako utziko zutela erantzun zuten. Hezkuntza arloan egindako emendakinari dagokionez, “EAJk norgehiagoka bidezko diru laguntzak jaistea eta herriko ikastetxeei zuzendutako partida berezi bat ipintzea proposatu zuen”.
Udaletik argitu dutenez, hezkuntza arloko diru laguntzen banaketa nolakoa izan behar den hezkuntza eragileekin batera erabaki behar da, eta ez dago udal taldeen esku soilik, egoera eta kasu desberdinetan dauden eragileen eskatzen baitituzte diru laguntzak: “Hezkuntzako eragile guztiek dute diru laguntza zuzen hauek eskatzeko aukera; proiektu zehatz batekin udalera etorri den orori lagundu diogu, bai hezkuntzakoei eta baita beste arloetakoei ere: kirola, kultura, euskara…”.
EAJk herriko talde eta elkarteentzako diru laguntzen deialdietako atzerapenak kritikatu ditu: “Ezin da izan taldeek urte bakoitzaren amaierara arte itxaron behar izatea, funtzionatzeko behar duten dirua aurreratu dutenean. Gainera, 2022ko diru laguntzak ixteko daude oraindik”.
Bestalde, Kaleandi eta Artabideko igogailuen proiektua egiteko proposamena egin zuten jeltzaleek, 40.000 euroko diru sailagaz. “Udal gobernutik esan genion datak ikusita eta lizitazioak egiteko egongo den lan karga ikusita, hobeto ikusten genuela 2024ko aurrekontuetarako uztea, enpresa adjudikatzaileak bi hilabetetan ez bailuke denbora nahikorik edukiko bi igogailuen proiektu osoak egiteko”.
Bedialaunetak ondo ikusi ditu egindako ekarpenak. “Baina epeak ikusita garrantzitsua da errealistak izan eta gaurtik urte amaierara arte gauzatzea erreala izango den ekintza eta proiektuei heltzea. Bestela, proiektu gehiegirekin hasiz gero, behar moduan egiteko denborarik ez egoteko arriskua dagoelako, horrek udal kontuentzat daukan ondorio larriekin”.