Berdintasun alorrean hobetu beharrekoak bistaratu ditu Berriatuko II. Berdintasun Planak
Berriatuko II. Berdintasun Planak herriaren genero arloko erradiografia sortu du. Berdintasuna helburu, hainbat neurri eta jarduera proposatu dituzte.
Emagin Elkarteak eta Berritxuko Neskak talde feministak udalaren babesagaz jorratu dute II. Berdintasun Plana, eta oraintsu aurkeztu dute herritarren aurrean. Plan horretan genero arteko berdintasunaren errealitatea ikusarazteko egindako diagnostikoaren emaitzak bistaratzen dira; horregaz batera, detektatutako gabeziak konpontzeko neurri nahiz proposamen sorta plazaratzen du planak.
Planaren lanketan aritu den taldetik adierazi dute diagnostikoak “eremu askotako gabeziak” erakutsi dituela. Batetik, udaletxeko politiken barruan, “etxe barrutik hasita”, lanean hasteko modu badagoela diote: “Genero ikuspegia zeharlerro legez indartzea falta da, azken urteotan lan oso esanguratsua egin den arren”.
Udaletik kanpora, herritarren artean, “hainbat eta hainbat” izan ziren detektatu zituzten hutsuneak: “Batetik, ahalduntzeagaz lotutako gabeziak igarri genituen; bestetik, feminismoagaz lotutako formakuntza falta ere bai, eta horren ondorioz zenbait biolentzia mota detektatzeko zailtasuna. Horiez gain, zaintza lanen inguruko kezka oso esanguratsuak identifikatu ditugu, gai horrek dituen ertz edota aldaera guztiekin: “Zaintza lanak nola banatu, zahartzaroagaz lotutako kasuak, eta abar”.
“Adineko emakumeen arteko saretzea bultzatzeko neurriak hartu ditugu”
Azken langai hori, zaintza, herrialde mailako auzi bihurtu denez, udalerri mailan horri aurre egiteko proposamenak bildu dituzte planean: “Adineko emakumeen arteko saretzea bultzatzeko neurriak hartu ditugu; zaintza lanak erantzukizunez banatzeko, herritar sareak josi dira; komunikazioa eta auzolana, oro har, indartu ditugu”.
Lau ardatz nagusi. II. Berdintasun Planak lau eragin eremu barnebiltzen ditu: udala, indarkeria, ahalduntzea eta ekonomiaren nahiz gizarte antolakuntzaren eraldaketa. 2015ean egindako I. Berdintasun planaren eskarmentuagaz, antolatzaileek azaldu dute Berriatuko Udalak “konpromiso irmoa eta jarrera eraikitzailea” erakutsi dituela, bigarrena aurrera eroateko eta babesteko orduan: “Argi utzi dute jomuga ez dela plana udaleko apal batean artxibatuta geratzea; horren ordez, udalak adierazi du prest dagoela bertan agertzen diren ekimenak aurrera eroateko espazioak, azpiegiturak zein egoerak lortzeko”.
Kanpo aholkularitza teknikoa jasotzeko inbertsioa egingo du udalak, eta foro feminista bat ere sortu gure dute
Neurriotako batzuk, besteak beste, foro feminista baten sorrera bultzatzea eta kanpo aholkularitza teknikoa jasotzeko inbertsioa egitea dira, “udalak ez baitu berdintasun teknikaririk”. Zerbitzu hori, hain zuzen ere, Emagin elkarteak emango du. Planaren garapen prozesuan zehar, denetariko jarduerak egin dituzte, baita informazio hitzaldiak ere. Aurkezpenean bertan ere, herritarrek beren interesa agertu zuten, eta “talde polita” elkartu zen Eliza azpiko plazan.
Taldeko gehiengoa emakumezkoak izan ziren, euren artean “profil oso ezberdinekoak” dira: “Hori da planaren gidalerro nabarmenenetako bat; inongo zerikusirik ez duten profilak elkar eragiten eta auzolanean ipini ditu. Prozesuak iraun duen tartean, hogei emakume inguru horren parte izan dira, eta aurkezpenean eta kopuru hori gainditu zen. Oro har, pozarren egoteko moduko bidea izan da, herritarrek borondatea erakutsi dute”.