Leargik infogune zerbitzua emango du, herritarren zalantzak argitzeko
Barikuan [ekainak 2] hasita, Lea Ibarreko mankomunazgoko herrietan egongo da Energia Berriztagarrien Komunitateko lantalde teknikoa, herritarrei aholkularitza zerbitzua emateko.
Leargi Lea Ibarreko Energia Berriztagarrien Komunitatea oraindik erregistratzeko bidean dago, baina hasiak daude arlo juridikotik nahiz teknikotik lehen urratsak ematen. Pauso horietako azkena infoguneena da. Autokontsumo fotovoltaiko partekatua da egitasmoaren jomuga, herritarrei zuzendutako aholkularitza zerbitzuaren bidez. Era berean, kooperatibako lantalde teknikoa aztertzen ari da Lea Ibarreko Mankomunazgoa osatzen duten bost udalerrietan egin daitezkeen proiektu eta egokitzapenak.
Informazio guneen egitekoa “oso argia” dela azaldu dute Leargitik: “Herritarrei beraien energia beharrak ahalik eta modurik merkeenean asebetetzeko doako aholkularitza ematea”. Horretarako, infoguneetara argiaren azken faktura eroateko gomendioa egin diete. Infoguneotan, besteren artean, ondorengo ohiko arazoak landuko dituzte: tarifak (egunekoak, gauekoak eta bestelakoak) txarto aprobetxatzea, behar baino argindar gehiago kontratatuta edukitzea, eta abar. Horien aurrean, herritarrei arazo horien aurrean zelan jokatu azalduko diete, “horretarako beren-beregi prestatutako dokumentazio zehatza erabiliz”.
Barikuan [ekainak 2] eta zapatuan [ekainak 3] hasiko da infogune zerbitzua, Amoroton. Ondoren, hilaren 9a eta 17a bitartean Gizaburuagan, Mendexan, Munitibarren eta Aulestin ipiniko dituzte. Aholkularitzaz gain, aurtengo diru laguntza deialdien berri ere emango diete herritarrei: “Instalazio berriak egiteko diru laguntzak zeintzuk diren argituko dugu, baita Leargiren parte izateko aukera eman ere; izen emate orriak infogune guztietan egongo dira”.
Gaur egun Leargi Lea Ibarreko Energia Berriztagarrien Komunitatean boluntario legez lan egiten duten ia 100 herritarrez osaturik dago
Erregistratzea helburu. Urrian hasi zen erregistratze prozesua oraindik ez dago amaituta; uda osterako eginda egotea aurreikusten dute Leargiko kideek. Orduan egingo lukete komunitatearen sustapen kanpaina, eta udalerri denetan modu formalean aurkeztuko lukete. Bazkide sortzaileak 84 izan ziren arren, dagoeneko ia 100 direla adierazi dute. “Kopuruagaz oso pozik gaude, energiaren auziak interesa pizten duela bistaratzen baitu; azpimarratu beharra dago Leargi boluntarioki egin behar den egitasmoa dela, herritarren artean kudeatzen baita”.
INFOGUNEEN EGUTEGIA
- AMOROTO
- Ekainak 2. 16:30-19:30, kultur etxean.
- Ekainak 3. 10:00-13:00, kultur etxean.
- AULESTI
- Ekainak 9. 16:30-19:30, udaletxean.
- Ekainak 17. 10:00-13:00, udaletxean.
- GIZABURUAGA
- Ekainak 9. 18:00-20:30, udaletxean.
- Ekainak 17. 10:00-13:00, udaletxean.
- MENDEXA
- Ekainak 9. 16:30-19:30, udaletxean.
- Ekainak 17. 10:00-13:00, udaletxean.
- MUNITIBAR
- Ekainak 9. 16:30-19:30, udaletxean.
- Ekainak 16. 16:30-19:30, udaletxean.