Mutrikuko gaztetxeko lanak amaitutzat emanda, hurbiltzeko deia egin dute
Martxoan abiatu zituzten lanak, eta espazioa berrantolatzea izan da helburuetako bat. Gaztetxean jardun aktiboago bat beharrezkoa dela adierazi dute.
Mutrikuko Gaztetxean obrak egin dituzte, eta lanak amaitutzat eman eta gero, irekiera aprobetxatu eta ekimenak antolatu dituzte astebururako. Gaztetxeak jardun aktiboago bat beharrezkoa duela ikusita, herriko gazteei gaztetxera hurbiltzeko deia egin diete.
Martxoan abiatu zituzten lanak, lan prozesua abiatzeko hainbat arrazoi zeudela argudiatuta: “Batetik, espazioaren egoerak moldaketak egitea eskatzen zuen, eta, bestetik, aldaketa behar genuen zentzu orokorrago batean. Izan ere, nolabaiteko hasiera berri bat eman nahi diogu gaztetxeari. Jardun aktiboago bat beharrezkoa da horretarako, eta baita ere ahalik eta herriko gazte gehienak gaztetxera hurbiltzea ere”.
Prozesua mantsoa izan dela aitortu dute; gelditu barik, gutxinaka joan dira hobekuntzak egiten. Gaztetxearen atzeko aldean egin dituzte egokitzapen handienak; paretak zigilatu, margotu eta gela bakoitzari funtzio berri bat esleitu. “Aldaketa batzuk beste batzuk baino nabariagoak dira begi bistarako. Egunerokoan bertan aurrera eramaten dugun lana aintzat hartuz, itxura estetiko berria baino garrantzitsuagoa da espazioa ahalik eta modu eraginkorrenean antolatuta egotea”.
Lanak gaztetxeak finantzatu dituela esan dute: “Ez dugu kanpotik inongo laguntza ekonomikorik behar izan, guztia finantzazio propiotik egin dugu. Horrelako dinamikak aurrera eraman ahal izateko antolatzen ditugu jaialdiak eta bestelakoak”.
Hurbiltzeko eta parte hartzeko deia. Irekiaren jendea gaztetxera hurbiltzeko asmoz egingo dela diote: “Gure asmoa da ahalik eta gazte gehien gazte asanbladara batzea, horrek ahalbidetuko baitu herrian eragiteko geroz eta gaitasun handiagoa edukitzea”. Gazteen artean antolakuntza sustatzea dute helburu. “Gure errealitateari aurre egiteko bitartekoak behar ditugu eta bitarteko horietako bat izan daiteke gazte asanblada. Jakina da asanbladak bere horretan ez duela dena aldatzeko gaitasunik, baina herrian eragin handia eduki dezake”. Jardun aktiboago bat edukitzeko konpromisoa hartu dutela adierazi dute, aisialdia ez ezik, “herriko problematiken aurrean borroka prozesuak abiatzeko gaitasuna edukiko duena”.
Udara begira hainbat ekimen aipatu dituzte. Ekainaren 29an, esaterako, hirugarren urtez antolatu den bertso-trama egingo dela aurreratu dute. Horrez gain, udan gaztetxea zabalik eta aktibo egongo dela zehaztu dute, “asanbladak batzen jarraituko du eta eskaintza ezberdinak antolatzen”. Horrez gain, antzerki bat idazten ari dira, eta aurrera eramateko asmoa dute: “Ez dakigu zer atera daitekeen hortik, baina zerbait txukuna egiten ahaleginduko gara. Nahi duena gonbidatuta dago parte hartzea”.
EGITARAUA
- Barikua, ekainak 2
- 18:00. Gaztetxea ikusteko aukera.
- 18:30. Asanblada irekia.
- Ondoren. Kontzertu akustikoa eta mojiteoa.
- Zapatua, ekainak 4
- Goizetik. Mural margoketa.