Giro ezin hobea eta hamaika ekintza, Kamiñazpiko jaietan
Mendibek eta Jon Gabik irabazi dute pala txapelketa. Egun eta egitarau luzea dute aurretik Kamiñazpiko auzotarrek gaur [ekainak 3].
Kamiñazpiko jaiak barikuan [ekainak 2] hasi baziren ere, gaur zapatua [ekainak 3] dute egun handia auzotarrek. Goiz goizetik zeregina egon da auzoan. Trikitixa eta txistu doinuekin esnatu dira Kamiñazpin, jaien seinale ukaezina.
10:00etarako hasi dira frontoian Kamiñazpiko 17. pala txapelketako partidak. Bata bestearen atzetik. Hamasei bikotek eman dute izena, hau da, antolatzaileek ezarritako parte hartzaile muga. Denen artean onenak Mendibe eta Jon Gabi izan dira. Final berdindu baten ostean mendean hartu dituzte Igor eta Orma, 22-19ko emaitzagaz.
Beste alde batetik, umeek hamaika ekintza izan dituzte plazan goiza pasatzeko. Jai batzordeak askotariko tailerrak eta ekintzak antolatu ditu herriko txikienentzako. Herri kiroletan parte hartu dute askok: txingak, lokotz bilketa, sokatira edota xerra… dena Mutrikuko herri kirol eta sokatira taldeko laguntzari esker.
Aurrera txirrindulari elkarteak bizikleta gainean egiteko zirkuitu bat antolatu du, besteak beste, baloia hankagaz jota gol bat sartu behar zuten ate txiki batean, uztai bat kokatu edo langa baten azpitik pasa. Eguzkiak gogor jotzen zuenez, asko karparen azpian ezkutatu dira. Ilara luzeak sortu dira txosnaren aurrean aurpegia marrazteko. Denetarik egin dute, spiderman, animalia desberdinak eta beste asko ere.
[ZUZENEAN IKUSI ARGAZKI GALERIA]
Orduak aurrera joan ahala, eta batez ere ekintzetan parte hartu ostean, gosea agertu da auzotarren artean. Eguerdirako asko ziren paellak egiteko beharrezko guztia prest zutena, eta lanean jarri dira. Batzuk zuzenean bazkaria egitera, eta beste batzuk, berriz, bazkaldu aurreko pintxoren bat prestatzen. 402 lagunek izena eman dute paella janerako. Jakin badakite eguna luzea izango dela eta indarrak hartu behar dituztela Kamiñazpiko jaietaz gozatzen jarraitzeko.
Play Back lehiaketa. Hiru sari banatu dituzte Play Back lehiaketan, karpa bete jenderen aurrean. Karakterizazio onenaren saria Miniqueens kuadrillak irabazi du, Queen interpretatuz. Koreografia onena Kalapitxixak kuadrillarena izan dela erabaki du epaimahaiak; tini taldearen Kupido abestia taularatu dute. Play back onenaren saria Txotxinpetrak kuadrillarentzat izan da, Beyoncere Single ladies abestiagaz.