Baso Bizien Egunak 50 herritar inguru bildu ditu Berriatuan
Egun osoko egitaraua eta giro "polita" izan zituen Baso Bizien Plataformak domekan [ekainak 4] Berriatuan antolatutako egitasmoak.
Baso Bizien Plataforma osatzen duten hemezortzi elkarteek egun osoko egitaraua prestatu zuten, eta herritarrek erantzun paregabea eman zioten: 50 lagun inguru batu ziren egitasmora. Herriko plazan elkartuta, Legarmendiraino mendi ibilbidea egin zuten parte hartzaileek, tartean zenbait geldialdi eginez.
Lehenengoan, tokiko nahiz kanpoko espezieekin egin daitezkeen landaketa ereduak argitu zituzten; bigarrenean, ur harguneekin lotutakoak landu zituzten; hurrengo geltokian, aldiz, Nahia Gartzia ondarrutarra lurzoruaren garrantziaz mintzatu zen. “Basoaren barruan ahalik eta lurzorurik osasuntsuena eta aberatsena edukitzea zein nahitaezkoa den azaldu zuen”, azaldu dute antolatzaileek.
Jarraian, Hostozabal Elkarteak eta beste elkarte batzuetakoek euren parte hartzeen berri eman zuten, eta herritar baten esku hartzea ere eduki zuten. “Landatzaile legez, lursailaren zati bat kontserbaziora begira landatu du herritar horrek, eta bestea ekoizpenera begira; horrelako dinamikak ere aurrera eroan daitezkeela azaldu zuen”. Legarmendi tontorrean basogintza ekologikorako estrategia eta jarraibideak nabarmendu zituen Keko Alonsok.
Gogora Institutuko kide batek 36ko Gerran Legarmendin egindako indusketen berri ere eman zuen
Ezusteko ederra gailurrean. Baso Bizien Egunera joandako herritarretako bat Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko kidea zen, eta hark Legarmendi gailurrean egindako indusketei buruzko berbaldiaz gozatzeko aukera eduki zuten parte hartzaileek. “36ko Gerrako zenbait lubaki daude bertan, eta haietan egindako azterketa lanari buruz berba egin zuen”.
Mendi ibilaldia amaituta, Madalena baselizan elkartu ziren ibiltariak, “tertulia giroan”. Besteren artean, Foru Aldundiek tokiko espezieekin landaketak egiten dituztenentzat eskaintzen dituzten diru laguntzak izan zituzten ahotan; laguntza horiek zelan hobetu ere eztabaidatu zuten. Ondoren, bazkaritan elkartu ziren denak.
Egunaren irakurketa “oso positiboa” egin dute Hostozabal elkartekoek, eta herritarrak “gustura” ikusi zituztela nabarmendu dute: “Hurbileko giroa gailendu zen; gainera, emandako azalpenak begi onez hartu zituzten hurreratu zirenek”. Iaz Itsasondon hasi eta aurten Berriatuan jarraitu ostean, hurrengo urteko Baso Bizien Eguna Bergaran egitea aurreikusten dute, tokia eta data oraindik ofizialak ez diren arren.