Berriatua, nagusi Bizkaiko herriartekoan
Hiru final hartu zituen Mendibarren frontoiak eta hiruretan etxekoak nagusitu ziren.
Lea-Artibaiko zesta-punta eskolak gorengo mailakoak direla berretsi du Bizkaiko herriarteko txapelketak. Berriatuko Mendibarren frontoian jokatuko zituzten barikuan [ekainak 2] final handiak; Berriatua eta Markina-Xemeingo puntisten arteko norgehiagoka izan zen. Berriatuarrak txapelketako onenak izanda ailegatu ziren finalera, eta nagusitasuna berretsi zuten; hiru kategoria lehiatu zituzten, eta hiruretan nagusitasunez irabazi zuten.
Kadete mailan Denis eta Aratzek aurrez aurre eduki zuten Txanton eta Oinatz markina-xemeindarrek. Hasiera batean Jokinek lehiatu behar bazuen ere, arazoak tarteko, Txantonek hartu zuen haren lekua. Berriatuarrek jokoa menperatu eta partida ederra egin zuten, eta 30-7 nagusitu ziren. Gazte mailan, ostera, Arrasate eta Argoitiak norgehiagoka eduki zuten Peru eta Garate atzelariek osatutako bikoteagaz. Horretan ere etxekoek maila ederra erakutsi zuten, eta nagusitasunez aurreratu ziren 30-9ko emaitza lortuz.
Nagusien mailan norgehiagoka estuagoa izan zen; Antxon eta Lekuek aurrez aurre eduki zituzten Alex eta Atain II, baina horretan ere etxekoek maila erakutsita partida dominatu zuten: 30-17. Maila ederra erakutsita, hiru partidak poltsikoratu zituzten Berriatuako puntistek. Hala, Bizkaiko herriarteko txapelketa irabazi zuten.