Ekhi Uriartek irabazi du Etxebarriko Sari Nagusia
Txirrindularitzako Gazteen Bizkaiko Kopako bosgarren proba lehiatu ostean, Mikel Sanzek jarraitzen du sailkapenaren gorengo postuan.
Luyando-Ganzedo taldeko Ekhi Uriarte Leizea txirrindulariak irabazi du Etxebarriko VI. Sari Nagusia; 01:33:53ko denboran osatu du proba. Markina-Xemeingo txirrindulari elkarteak Etxebarriko Udalagaz eta Amets Txurruka lagunartie taldeagaz batera antolatzen duen probak 61,7 kilometroko eta 800 metroko desnibel positiboa zuen ibilbidea eduki du.
Gazteen Bizkaiko Kopako bosgarren proban 79 txirrindularik izena eman zuten, baina proba 41 txirrindularik amaitu zuten. Uriarte izan zen azkarrena, baina norgehiagoka estua eduki zuen bigarren helmugaratu zen Cupra Galdakauto-Pan Menesa taldeko Mikel Sanz Esteibarregaz; ehuneneko bateko ezberdintasunagaz ailegatu zen. Aranako Ford Garaje Moderno taldeko Hector Fernandez Sanchezek osatu zuen podiuma.
Kopako sailkapena. Bizkaiko Kopako bosgarren proba lehiatu ostean, Mikel Sanz Esteibarrek jarraitzen du lidergoan, 470 puntugaz. Etxebarriko probako podiumean sartu ostean, bigarren postua bereganatu du Hector Fernandezek; 360 puntu ditu. Aldiz, Unai Moran hirugarren postuan mantentzen da, 355 puntugaz.