Ondarroa eta Isuntza, Bizkaiko Traineru Txapelketaren podiumetan
Bi taldeak hirugarren sailkatu dira; Ondarroa emakumezkoetean eta Isuntza gizonezkoetan. Gipuzkoako Traineru Txapelketan Mutriku hamaikagarren sailkatu da.
Lekeition jokatu zen atzo [ekainak 4] Bizkaiko Traineru Txapelketa. Gizonezkoetan Bermeo eta emakumezkoetan Kaiku izan dira nagusi. Beteranoetan, ostera, Getxo nagusitu da.
Gizonezkoetan hamar traineru aritu ziren lehian, eta TKE ligako sei traineruak sailkatu ziren lehenengo sei postuetan. Bermeok 7 segundo pasatxo atera zizkion Zierbena txapeldunordeari; 20:03,18 denboragaz lortu zuen bandera Bermeoko arraun elkarteak. Isuntzak osatu zuen podiuma, lehenengoarengandik 41 segundo eta 53 ehunenera sailkatuta. Hain zuzen ere, Isuntza eta Itsasoko Amaren artean 21 ehuneneko aldea baino ez zen egon. Ondarroa, ostera, seigarren geratu zen, Bermeorengandik 46 segundo eta 51 ehunenera.
Emakumezkoetan lau talderen artean erabaki zen bandera. 28 segundo eta 8 ehuneneko aldea egon zen txapeldunaren eta txapeldunordearen artean. 11 minutu, 40 segundo eta 89 ehuneneko markagaz lortu zuen garaipena Kaikuk. Deustorentzat izan zen zilarrezko domina, eta brontzezkoa Ondarroak eskuratu zuen. Ondarrutarrak txapeldunengandik 35 segundo eta 94 ehunenera geratu ziren. Ondarroak minutu bat pasatxo atera zizkion Portugalete laugarrenari.
Sei traineru aritu ziren beteranoen bandera irabazteko lehian, eta 46 segundoren barruan sartu ziren seirak. Getxo, Mundaka eta Bilbok osatu zuen podiuma. 11.16,80 izan zen Getxok egindako denbora; harengandik 5 segundo eta 20 ehunenera sailkatu zen Mundaka, eta 13 segundo eta 87 ehunenera Bilbo.
Euskadiko Traineru Txapelketa domekan [ekainak 11] erabakiko da, Ondarroan. Estropadak 11:00etan hasiko dira.
Gipuzkoakoa, Zarautzen. Atzo [ekainak 4] baita ere, Zarautzen jokatu zuten Gipuzkoako Traineru Txapelketa, eta Mutriku hamaikagarren (azken) sailkatu zen. Gizonezkoetan Hondarribiak eta emakumezkoetan Donostiarrak lortu zituzten banderak, eta beteranoetan Badok 13 izan zen onena.
Gizonezkoetan 11 talde aritu ziren, eta 20 minutu, 6 segundo eta 21 ehunen behar izan zituen Hondarribiak estropada amaitzeko. 2 minutu eta 30 segundoko aldea atera zion Donostiarra bigarrenari, eta Lapurdik lortu zuen brontzezko domina, Hondarribiarengandik 23 segundo eta 27 ehunenera sailkatuta. Mutriku, berriz, txapeldunarengandik 2 minutu, 3 segundo eta 16 ehunenera geratu zen.
Emakumezkoetan bederatzi traineru uretaratu ziren. 2 segundo eta 66 ehunen arteko aldea egon zen Donostiarra eta Orioren artean. Donostia Arraun Lagunak sailkatu zen hirugarren, Donostiarrarengandik 16 segundo eta 14 ehunenera.
Beteranoen banderari dagokionez, lau arraun elkarte aritu ziren zein baino zein gehiago, eta bi luzeko estropada izan zen eurena. 10.17,86 izan zen Badok 13 txapeldunak egindako denbora. Fortuna txapeldunordea segundo 1 eta 63 ehunenera sailkatu zen, eta Zumaia izan zen hirugarrena, irabazlearengadik 31 segundo eta 75 ehunenera amaituta.