Amaia Aulestia eta Jabier Urrutxeren ibilbidea, ekarpena eta ekina omenduko dituzte Ondarroan
Bi artista ondarrutarrei omenaldi kontzertua eskainiko diete zapatuan [ekainak 10], 19:00etan, Ondarroako Andra Mari elizan. Emanaldia doan izango da.

Amaia Aulestia eta Javier Urrutxe ondarrutarrei omenaldi kontzertua eskainiko diete zapatuan [ekainak 10], Ondarroako Andra Mari elizan. Duela lau urte sortu zen ideia, baina pandemiak geldiarazi egin zuen. “Merezimendu handiko protagonistak dira, eta garaia zen errekonozimendua emateko. Ondarroak artista asko omendu izan ditu, hortaz, bi artista hauei errekonozimendua egitea zen helburua”, esan dute Kantaizeko kideek. Hala, euskal kulturgintzan sutsuki aritutako bi abeslarien ibilbidea, ekarpena eta ekina omenduko dituzte Kantaize abesbatzak bultzatutako ekimenaren bitartez.
Kantaize abesbatzak, Unanue kamara koralak, Kresala kultur elkarteak eta orkestrak parte hartuko dute ekimenean. Errekonozimendua emateko modu egokiena beraien diskografiaren errepresentazioa egitea zela erabaki, eta bikoteak abesten zituen abestien aukeraketa bat egin zuten. “Egitaraua beraien ibilbidearen errepresentazio bat izatea nahi genuen; nolabait, beraien abestien eta beraien gustu musikalen arabera egindako aukeraketa izan da”.
Aukeratutako abestien artean daude, Herri zahar hau, Zorion bidean eta Gezurra. Herriko taldeez gain, bakarlariek ere abestuko dute; Leire Gomez eta Mertxe Laka sopranoek eta Gorka Unamuno tenorrak. “Abeslari bezala Aulestia eta Urrutxe opera zaleak izan dira. Hortaz, uste genuen egokia izango litzatekeela modu honetako abestiak egotea. Abestien karakterearen arabera aukeratu dugu nork abestuko zituen”. Zapatuko kontzerturako ez da sarrerarik erosi behar, eta herritarrei hurbiltzeko deia luzatu nahi izan diete.
Ibilbidea. 1965-1985 urte bitartean “jo eta su” ibili ziren Aulestia eta Urrutxe, bai abeslari bezala eta baita antzezle bezala ere. “Ahots pribilegiatua edukitzeaz gain, plaza artistak izan dira”. Antzerki musikalak egiten ibilbidea egin zuten, batik bat, Espainian zehar. Kresala kultur elkartea izan da beraien ibilbidean eskutik eraman duten elkartea, baina Kresalako antzerkietan parte hartzeaz gain, beste konpainia batzuen antzerkietan ere parte hartu izan zuten, tartean, Zigor.
Horrez gain, Kantaize abesbatzaren partaide aktiboak izan dira hasieratik; gaur egun Urrutxek abesten jarraitzen du. Abesbatzeko kideek eredutzat dutela aitortu dute: “Erakutsitako konpromisoagatik, koruko kide bezala erreferente izan dira. Hasiera-hasieratik zeuden partaideak izanik, irudi bilakatu dira; bidea zabaldu zutenak dira. Ez baita erraza hainbeste jende dagoen abesbatza bat mantentzea, egonkorra izatea; horretarako zutabe finkoak behar dira”.