Berriatuko HAPOri behin-behineko onarpena eman diote
Jarduera ekonomikoa, etxebizitza eta auzoetako lursailak publiko egitea ditu ardatz Berriatuko Herri Antolamendurako Plan Orokorrak. Aldundiaren behin betiko ebazpena hiru hilabeteren barruan jasoko dute.
Udalak eguenean [ekainak 8] bidaliko du HAPOren proposamena Bizkaiko Foru Aldundira, eta behin betiko onarpenaren edo gaitzespenaren ebazpena hiru hilabete barru edukitzea espero dute.
Berriatuko Udaletik azaldu dute gaur egun 1993. urteko HAPO dagoela indarrean, ordutik hura moldatzeko hainbat saiakera egin arren. Jon Arriola Berriatuko jarduneko alkateak azaldu du udalerriak 7.000 lagunetik beherako biztanleria edukitzea dela behin betiko onarpena aldundiaren esku uztearen arrazoia: “Egun 1993ko araudi subsidiarioagaz funtzionatzen gabiltzan arren, hainbat dira plan orokorraren aldaketak proposatzeko egindako saiakerak. 2006an egin zen bat, 2012an hurrengoa, eta 2015ean ere behin-behineko onarpena eman zitzaion. Kontua da aldundiak hura ez zuela onartu eta, beraz, 1993koa dugu indarrean”. Hain zuzen ere, 2015ean onartua izan ez zen HAPOren ereduari aldundiak zehaztutako moldaketak egin dizkiote proposamen berri horretan, eta “onartua izatea” espero dute.
Plan orokorraren behin-behineko proposameneko alderdi nabarmenetako bat jarduera ekonomikorako beren-beregi sortutako gune berri biren sorrera da. “Bata pisu handiko jardueretarako izango litzateke eta, bestea, ostera, pisu gutxiago duten jarduerei begira, hala nola, hirugarren sektorekoei. Lehenengoa Bego Bertan legoke; bigarrena, Cordelerian”.
HAPOren behin betiko onarpenak 60 etxebizitza egiteko aukera ekarriko luke, horietako hogei babes ofizialekoak
Etxebizitzari dagokionez, HAPOren behin betiko onarpenak herrian 60 etxebizitza egiteko aukera ekarriko luke; horietako hogei babes ofizialekoak lirateke. Horrez gain, herriaren erdigunean ere beste hamabost etxebizitza eraikitzeko baimena ere suposatuko luke onarpenak.
Aurreko ereduaren akatsak. Arriolak azaldu duenaren arabera, 2015eko HAPOren behin betiko onarpenak gaitzesterakoan, aldundiak alderdi nagusi bi eduki zituen kontuan, eta horiek konpontzen saiatu dira oraingoan: “Bata prozedura akats bat baino ez zen; bestea uragaz lotuta zegoen. Herrian ez zegoen nahikoa urik eta, ondorioz, ur gehiago lortzeko bidea topatu beharra zegoen. Hortaz, instalazio berriak egokitu zituen Ur Partzuergoak, eta arazo hori konpondutzat eman genuen. Eskakizunok beteta, proposamena bidaltzeko prest dago”.
Lursailak publiko egitea ere ekarriko luke onarpenak, besteren artean, Kalamendi tontorrean edota Madalena eta Asterrika auzoetan
Bestalde, HAPOren proposamenak zenbait lursail publiko egiteko aukera ere badakar: “Horietako batzuk auzoetako bizitza bultzatzeko izango dira, hala nola, aparkalekuak edota bestelako azpiegiturak sortzeko. Asterrikan edota Madalenan aplikatuko da neurri hori. Gainera, Kalamendi tontorra publiko egiteko aukera ere egongo da”.
Aldundiaren prozedurari buruz galdetuta, Arriolak argitu du hiru aukera daudela mahai gainean: “Lehenengoa orain arte pasatutakoa errepikatzea da: behin-behineko proposamena atzera botatzea. Bigarrena behin betiko onarpena lortzea da. Bi horiez gain, baina, aukera dago behin betiko onarpena emateko, baina zenbait baldintza betetzeko eskatuz. Kasu horretan, moldaketa horiek ere aplikatu beharko genituzke. Iraila eta urria bitartean jasoko dugu aldundiaren azken ebazpena”.