Abian da Ondarruko II. Pala Txapelketa
Emakumezkoen txapelketa egongo da, banakako nahiz binakako mistoez eta umeen lehiaketaz gain.
Iazko estreinaldi arrakastatsuaren ostean, II. Pala Txapelketa egiten hasi dira Ondarroan, udalak eta sortu berri duten Santoña Ameriketa pala elkarteak antolatuta. Banakako txapelketa mistoa aste honetan hasi dute, hamazortzi bikoteko parte hartzeagaz, eta uztail hasierara arte iraungo du. Binakako mistoa, ostera, uztailean lehiatuko dute.
Antolakuntzatik azaldu dutenaren arabera, beraien asmoa emakumezkoei beren-beregi zuzendutako lehiaketa da aurtengo berritasunik esanguratsuena: “Emakumeentzat bereziki prestatu dugu lehiaketa, eta, gaur-gaurkoz, sei bikotek izena eman dute. Hasieran, gutxiegi izango zirela uste genuen, baina azkenean moldatu gara emakumeen txapelketa ere aurrera ateratzen”.
Antolatzaileek, bestalde, argitu dute hurrengo astean zabalduko dutela binakako txapelketan eta umeenean izena emateko epea. Binakakoak, gainera, maila bi edukiko ditu: lehen eta bigarren maila. “Bikote bakoitzaren mailaren arabera antolatu ditugu kategoriak, parte hartuko duten guztiak eroso senti daitezen”. Ondarroa iraganean izandako “herri pilotazale hura” berreskuratzeko asmoz antolatu zuten iaz Ondarruko Pala Txapelketa.