Dinamartxan izena emateko egunak zehaztu dituzte
Ekainaren 27an eta 28an egongo da izena emateko aukera. Boluntarioak behar dira laguntza lanetan aritzeko.
Uztailaren 1ean ospatuko den Ondarroako Zapato Azulean egiten den Dinamartxan izena emateko aukera egongo da ekainaren 27an eta 28an, 19:00etatik 21:00etara bitartean, Musika Plazan. 20 euro izango da izen ematea, eta kamisetak eskuratzeko aukera egongo da 20 euroren truke.
Baimenak sinatu beharko dira, hortaz, aurrez aurre egin beharko da izen ematea. Lagun baten izen ematea egiteko kasuan, norberak sinatu beharko ditu baimenak. Mendiz mendi izena ematearen kasuan, gehienez ere, beste lagun baten izen ematea burutu dezake bakoitzak.
Antolatzaileek aipatu dutenez, martxak burutzen diren bitartean boluntarioak beharko dituzte laguntza lanetan aritzeko, eta deia luzatu dute. Zehazki, mendi martxarako boluntarioak behar dira, zerbait gertatuz gero, deia jaso eta laguntzera joango direnak. Era horretako boluntariorik egon ezean, martxa bertan behera usteko arriskuan geratuko dela aipatu dute.
Martxari dagokionez, bizikletan egingo duten parte hartzaileak goizean goiz aterako dira Ondarroatik, eta Tolosarako bidea hartuko dute autobusez. Bizikletak aurreko egunean sartuko dituzte kamioian, portuan. Oinez mendiz mendi egingo dutenek, aurreko eguneko 23:00etan aterako dira Ondarroatik autobusez. Antolakuntzatik aipatu dutenez kopuru mugatua egongo da, autobus bat betetzean, izen emateak itxiko dituzte. “Dinamartxak kirol froga gogorrak dira, ez dira paseoak, hortaz, buruz jokatu. Gainera, ez dira txapelketak, lagunartean gozatzeko uneak baizik”.