Karraspioko Emakumeen Surf Eguna: "Errepikatzeko modukoa"
Zapatuan [ekainak 10] ospatu zuten lehen aldiz Mendexako hondartzan surf egiten duen emakume talde batek.
Espazio publikoan eta kirolean “ohi den bezala”, hondartzan ere emakumeek “hamaika muga” dituztela agerian utzi nahi izan zuten zapatuan [ekainak 10]. “Agerian geratu da espazio propio bat sortzeko beharrizana dagoela”, adierazi dute. Hain zuzen ere, Emakumeen eta genero disidenteen Surf Eguna erabateko arrakasta izan da: “errepikatzeko modukoa, urtero egin beharrekoa”.
Parte hartzeak aurreikuspen guztiak gainditu zituen. Antolatu zuten lehen aldian inguruko herrietako emakume askok parte hartu zuten egun osoko egitarauak izandako ekintza guztietan. Egunari hasiera eman zion yoga tailerrean 60 emakumek eman zuten izena. Elene Okamika lekeitiarrak eman zuen saioa, eta aktibazio klasean oinarritu zen, “gorputza esnatu eta berotan sartzeko”. Surfean laguntzeko malgutasuna, muskulazioa eta oreka uztartzen dituzten ariketak landu zituzten.
Beste 45 izan ziren Paula Mentxakak eskainitako surf ikastaroan parte hartu zutenak. “Ez genuen olaturik izan, baina surfagaz loturiko jolasak egin genituen lehendabiziko alde teorikoa praktikan jartzeko. Oinarrizko surf masterclass bat izan zen, maila guztietarako egokia. Ingurua, geure burua eta beste emakumeekin konektatzera bideratuta egon zen”. Giro onaren seinale, egunen baten ikastaro praktikoago bat egiteko aukera zabaldu zuten, “olatu gehiago daudenean”. Antolatzaileek esan dute emakumeek “esker oneko hitzak” izan dituztela bakarrik.
Eguraldia, eguzkia batik bat, lagun izan zuten eta arratsaldeko tailerrek ere balorazio “oso ona” izan zuten. DJ Ztart-egaz eman zioten amaiera lehendabiziko Emakumeen Surf Egunari.