Mutrikuko TAO sistema ekainaren 15ean sartuko da indarrean
Aparkaleku mugatuen sistema irailaren 15era arte egongo da indarrean. Lau gune gaitu dituzte, tarifa eta erregulazio desberdinekin; B hizkiarekin zehaztutakoak, berriz, egoiliarrentzako espazioak izango dira.
Ekainaren 15ean, [eguena] sartuko da indarrean Mutrikun TAO sistema berria; irailaren 15era arte egongo da indarrean. Lau gune gaitu dituzte, tarifa eta erregulazio desberdinekin. Espazioak honako eran banatu dituzte:
- Gune urdina: ordainpeko gunea da, 09:00etatik 19:00etara bitartean, eta gehienez ere bost orduz aparkatu daiteke ibilgailua.
- Gune gorria: ordainpeko gunea astelehenik barikura 09:00etatik 19:00etara, eta zapatuan 09:00etatik 14:00etara. Gehienez ordu bete aparkatu daiteke ibilgailua.
- Gune mistoa (gorri/urdina): 09:00etatik 19:00etara egunero; astelehenetik zapatuko 14:00ak artea gune gorria. Zapatuan 14:00etatik aurrera eta domeka, berriz, gune urdina.
- Gune librea, horia: Doako gunea.
Lau gune horiez gain egoiliarrentzako espazioak gorde dituzte, gune zuriak. Leku horiek B hizkiarekin identifikatuko dira. Eremu horretan bertakoen TAO txartela duten ibilgailuek, ezintasunen bat duten pertsonentzako Europako Aparkatzeko Txartela duten ibilgailuek eta lanean ari diren profesionalen ibilgailuek aparkatu ahal izango dute bakarrik. “TAO duten ibilgailuek gune guztietan aparkatu dezakete doan, baina gune gorrian eta mistoan txartela atera beharko dute eta ordubetez gehienez aparkatu ahalko dute”.
TAO txartela
Indarrean dagoen urteko Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zerga Mutrikun ordainduta duten ibilgailu guztiei Bertakoak TAO txartela bidali diete eta horri esker edozein gunetan doan aparkatu ahalko dute. Baldintza hori betetzen ez duten batzuek ere txartel hori lortzeko aukera izango dute. Mutrikun lan egiten dutenek, Mutrikun erroldatuta egon ez arren, L bereizgarria daraman langileen TAO txartela lortu ahalko dute 40 euroko tarifa ordainduta. Bestalde, enpresa ibilgailua dutenek ere lortu ahalko dute txartela, Mutrikun erroldaturik baldin badaude eta Udalarekin zorrik ez badute, 40 euroko tarifa ordainduta.
Udatiarrak
Udalerrian etxebizitzaren jabe diren udatiarrek edo hauen lehen graduko familiartekoek txartela lortzeko aukera izango dute 60 euroko tarifa ordainduta. Baita kanpinetako erabiltzaileek ere, gutxienez hiru hilabeteko iraupeneko kontratua baldin badute.