Akelarrean parte hartzeko deia egin du Artelan Kultur Elkarteak
San Joan bezperan 1988tik egiten den Akelarrea, "ondarrutar guztiei esker" mantentzen da.
Ekainaren 23ko gauerdian urteroko Akelarrea egingo dela aurreratu dute Artelan Kultur Elkarteko kideek. Ohi bezala, kalejira Arrigorritik hasi, Plaiko Zubitik igaro eta Plaza Musikan amaituko da.
Elkartetik gonbidapena luzatu diete herritarrei, Erdi Aroko arropak jantzi eta parte hartzera, gainera, jantzi egokirik ez duenari, eurek utziko dizkiete arropak. 22:00etatik aurrera Arrigorri hondartzako txiringitoan egongo dira prestakuntza lanak egiten, hala nola, jantzi, aurpegiak margotu eta danborrak fintzen.
1988an hasi ziren Akelarrea egiten, eta “ondarrutar guztioi esker” bizirik jarraitzen duen ekimana da: “Animatu eta etorri ume, gazte, aitona-amona, guraso, eta nahi dituzuen lagun guztiekin etorri, denon eskuetan dagoelako gau magiko honetako giro bereziari eustea, dantzan, kantuan eta erromerian”.