Artea eta sorkuntza izango ditu ardatz Mutrikuko Xiri Egunak
Xiri Andonegi Egurbide mutrikuar eskultore eta margolariak Atxukaleko txokoan egin zuen obra biziberritzeko asmoz antolatu du eguna Mutrikuko Rock Kolektiboak.
Mutrikuko Rock Kolektiboaren eskutik dator ekainaren 17an ospatuko den Xiri Eguna, hain zuzen ere, Xiri Andonegi Egurbide mutrikuar eskultore eta margolariak Atxukale izeneko txokoan egin zuen obra biziberritzeko asmoz antolatu dute. “Gune hau jendea elkarrekin egoteko eta biltzeko diseinatua izan zen eta ekainaren 17an egun osoko egitarau bat osatu dugu leku horri merezi duen erabilera eta bizitza emateko asmoz”.
Mutrikuko Rock Kolektibotik abiatuta da egitasmoa, baina herriko beste hainbat kultur elkarte eta sortzaileen elkarlanarekin osatu dute egitaraua; Arte Eskola, Mutrikuko Erraldoi eta Buruhaundiak, Bizixo Jai Batzordea, Mutrikuko Gaztetxea eta herriko artista ezberdinek parte hartuko dute. “Xiri Gunea artearen eta sorkuntzaren gunea izatea nahi dugu, gunearen txoko ezberdinak sorkuntza ezberdinen erakusleiho eta herriko zein kanpoko sortzaileen aterpe bilakatzeko. Horretarako herriko zenbait kultur elkarterekin elkarlana sustatzea izan da lehen helburua, talde bakoitzak espazioari bere ikutua eman diezaion”.
Egun osoko egitaraua modu interaktiboan dago ikusgai
Gainera, zapatukoa “data borobila” izango dela aitortu dute, aurten, Mutrikuko Erraldoi eta Buruhandien lehen agerraldiaren XX.urteurrena ospatzen baita. “Xiri Andonegi izan zen gaur egungo erraldoi eta buruhandien sortzailea eta egun honetan ospatzea berezia izango da konpartsako kide, zein beraiekin gozatu duten herritar guztientzat”. Egun osoko egitaraua modu interaktiboan dago ikusgai.
Goizean Arte Eskolaren eskutik mural margoketa burutuko da eta horrekin batera sortzaile ezberdinen azoka eta erakusketak egongo dira. Eguerdian, berriz, Ondarroako Braulio musika taldea egongo da oholtza gainean Lur azpira itzuli izeneko azken diskoa aurkezten.
Musika. Arratsaldean, Mutrikuko erraldoien kalejira egingo dute herriako kaleetan zehar, eta Xiri gunera iristean, XX. urteurreneko ikuskizuna egingo dute. Ondoren, musikaren unea helduko da: Dei eta Muzak musika taldeak oholtzaratuko dira. “Dei Mutrikun sortutako taldea da eta lehen aldiz arituko dira beraien musika aurkezten herritarren aurrean”. Bestalde, Muzak taldeak Gezur mila single berria eta Irabaziak eta galerak bigarren diskoa aurkeztuko dute.
Ondoren, Elepunto DJ musika jartzaile ondarrutarraren eskutik musika kalejira bat abiatuko da Xiri gunetik gaztetxera arte, herrian musika eta giroa zabaltzeko. “Herritarrak zein kanpoko jendea egun honetan parte hartzera gonbidatzen dugu”.
EGITARAUA
- 10:00. Arte Eskolaren eskutik, Mural margoketa.
- 11:00. Sortzaileen azoka.
- 12:00. Txosna irekiera.
- 13:00. Braulio taldearen kontzertua.
- 17:00. Mutrikuko erraldoi eta buruhandien kalejira Goiko Plazatik, Xiri parkera.
- Ondoren. Urteurreneko ikuskizuna, Xiri parkean.
- 18:30. Dei eta Muzak taldeen kontzertuak.
- 21:00. DJ Elepunto kalejiran, Xiri parketik Gaztetxera.
- 22:00. DJ Elepunto eta DJ Asa, Gaztetxean.