Emakumezkoen parte hartzean errekorra gaindituko du Lekeitioko Triatloiak
Izena eman duten 473 triatletetatik 107 dira emakumezkoak.
Lekeitioko 30. Triatloia zapatuan (ekainak 17) lehiatuko dute, 16:00etatik aurrera. Sprint distantziako Euskadiko Txapelketa izango da.
474 triatletak izena eman dute, eta horietatik %23 izango dira emakumezkoak. “100 emakumezkoren langa ez dugu inoiz gainditu, eta aurten 107 neska datoz. Guretzat hori arrakasta da. Euskal Herri mailan ikusten ditugun probetan, normalean, ez da egoten halako kopururik, eta alde horretatik oso pozik gaude”, azaldu dute Garraitz Kirol Taldekoak.
Parte-hartzaileek ohiko zirkuitua egingo dute. 750 m igeri egin ondoren, bizikletak hartu eta 21 km-ko ibilbidea egingo dute. Ondoren, herrigunetik 5 km egingo dituzte arin-aringa.
500 parte-hartzaileetako muga ezarri zuten, eta izena eman duten kopuruagaz “pozik” daude. Pandemia aurreko kopuruetara bueltatzen ari direla zehaztu dute: “Ematen du gutxinaka-gutxinaka zenbakiak errekuperatzen ari garela”.
Kale mozketa. Antolakuntzatik ohiko oharrak zabaldu dituzte. Lekeitio eta Plazakola (Milloi) bitartean errepidea moztuta egongo da 16:10-17:40 bitartean gutxigorabehera.
Sari banaketa 18:30ak aldera egingo dute, eta triatloia ikustera hurbiltzeko gonbidapena luzatu dute antolatzaileek: “Parte hartzera ez badatoz ere, kirol giro horregaz gozatzera etortzera animatzen dugu jendea”.
Gazteena. Bestalde, 30. urte borobila denez, asteburu osoko plana proposatu dute Garraitz Kirol Taldeko kideek. Gazte Triatloia lehiatuko dute bihar (ekainak 16), 17:00etatik aurrera, eta domekan (ekainak 18), berriz, Umeen Eguna ospatuko dute plazan.