Lurpeko altxorrak, lurrazaleratuta
‘Lurpeko Altxorrak’ erakusketa dago ikusgai Goikolau Kultur Elkartean. ADES Espeleologia Elkartekoekin elkarlanean sortu dute, eta lur azpiko hamaikatxo sekretu bistaratzen ditu.

Ez legoke Berriatuko Goikolau Kultur Elkartea baino toki egokiagorik espeleologiari buruzkoak aditzera emateko. Aita Barandiaranek aztertutako Berriatuko kobazulo entzutetsu baten izen bera du elkarteak, eta bertan dago egunotan ikusgai Lurpeko altxorrak izeneko erakusketa. Espeleologiaren ingurukoak ezagutaraztea da erakusketaren jomuga nagusia, eta hilaren 9az geroztik dago publikoarentzat zabalik.
Elkartekideek Gernika-Lumoko ADES Espeleologia Elkartekoekin elkarlanean atondu dute erakusketa. ADESekoek, hain zuzen ere, Berriatuko haitzulo eta kobazuloetan egindako beharra ikusarazi zieten iragan barikuan: erakusketara bertaratu ziren 30-40 herritarrei taldearen dinamikak zeintzuk diren eta zer nolako lanak egin dituzten azaldu zizkien Oier Gorosabel aditu eibartarrak.
Berriatuako eremu karstikoa sakonki aztertu arren, “oraindik deskubritzeko asko eta asko” dagoela argitu zuen Gorosabelek. Udalerrian, 35 haitzulo sarrera inguru, katalogatutako 27 kobazulo, eta sektore karstiko nagusi bi daudela azaldu zieten ikusleei: Milloi edo Merelludi inguruan kokatuta dagoena eta Gorozika eremukoa. Lehenengoa da, dena dela, esanguratsuena. Bietan egindako azterketetako emaitzak, gainera, hainbat dimentsiotan argitaratutako argazkien bitartez ikusi ahal izan zuten erakusketan.
“ADESekoen lantaldearen aniztasunak fidagarritasun maila handiagoa ematen die egiten dituzten azterketen emaitzei”
Gorosabelek azaldu zuenez, ADESeko lantaldeak “errespetu izugarriagaz” behar egiten dute: “Lurpean daudenean eta zer edo zer topatzen dutenean, aztertu eta argazkiak egiten dituzte, baina ez dute aurkitutakoa beraiekin eroaten; horren ordez, tokian uzten dute. Gainera, espeleologia lantaldearen barruan topografoak, filologoak edota kimikariak dituzte eta aniztasun horrek, hain zuzen ere, fidagarritasun maila handiagoa ematen die egiten dituzten azterketen emaitzei. Oro har, izugarrizko errespetua diote beraien lanari, inguruneari eta, batez ere, tokian tokiko ondareari”, adierazi dute erakusketako antolatzaileek.

Argazkia: Goikolau Kultur Elkartea.
Hogei argazkik osatuta dago erakusketa, eta horietako bakoitzak azalpen panel bana dauka. Horrez gain, zenbait artikulugaz eta ikus-entzunezko gune bategaz osatuta dago egitasmoa. Gaur, bihar eta etzi bisitatzeko aukera egongo da. Ordubeteko bisitaldiak izango dira, eta bertan udalerriko lurrazalaren azpian “gordeta dauden altxorrak” ezagutu ahalko dituzte bisitariek. Gaur, 19:30etik 20:30era bitartean egongo da zabalik; bihar eta etzi, ostera, 12:30etik 13:30era artean. Doako sarrera edukiko du.
Bestalde, Gorosabelek, erakusketaren irekitze egunean, jendeak edota administrazioak egin ohi dituen akatsik errepikakorrenak gogorarazi zituen. Horietako entzutetsuena haitzuloen sarreretan hesiak ipintzea da. “Berriatuara ekarri zuen adibide hori. Izan ere, Atxurra kobazuloaren sarreran forma jakin bateko hesi desegokia jarri zuten, eta oso sentikorra den saguzar espezie bati galarazi egin zioten kanpora ateratzea, hesiagaz talka egiten baitzuen. Horrek espezie horren desagerpena ekarri zuen. Tankera horretako hainbat eta hainbat akats bistaratu zituzten”, azaldu dute.