Zaintza lanak jarriko dituzte erdigunean Mutrikun
EMAk antolatuta Denon bizitzak erdigunean dinamika aurkeztuko dute domekan [ekainak 18].
Emakumeak Mutrikun Abian taldeak antolatuta Denon bizitzak erdigunean dinamikaren aurkezpena egingo dute domekan [ekainak 18], 12:00etan, Beheko Plazan. Mutrikuko zaintza lanak berrantolatzea helburu duen ekimena: “Mutrikuko zaintza sistema iraultzera goaz, bazatoz?”.
Bizitza sostengatzeko oinarrizko lanak diren zaintza lanak erdigunean ezarri dituzte: “Zaintza-kateek eusten dute gure familia, gure komunitate hurbila, gure jendartea; etxeko-andretik hasi eta familia medikura, aitonaren zaintzailetik zahar etxeetako garbitzailera. Zaintza horiek, ordea, emakumeek* egiten dituzte: baldintza prekarioetan enplegu arloan eta banaketa desorekatuan (eta ordainsaririk gabe) familietan”.
Egungo egoeran “duintasun eza muturreraino” heldu dela salatu dute, eta horren aurrean hainbat neurri “exijitu” dituzte: zaintzarako eskubide kolektiboa, enpleguaren arloko zaintza lanen baldintzak eta pentsioak duintzea eta pribatizazioarekin amaitu eta sistema publikoa indartu eta garatzea, “edota atzerritartasun legearen abolizioa, emakume migratu eta arrazializatuak babesgabe eta prekarietatera kondenaturik uzten baititu”.
Eskubideen aldeko borroka. “Zaintza lanak aitortu eta birbanatu nahi ditugu, zaintza eredu publiko eta komunitario bat garatu”. Prozesuan herrian alternatibak proposatu nahi dituzte, agenda komuna eraiki eta gatazkak azaleratuz, eta horretarako herritarren beharra dutela azpimarratu dute: “Mugimendu Feministatik haratago, Mutrikuko gainerako eragile eta norbanakoak ere behar zaituztegu; pentsionistak, baserritarrak, zaintzaileak, guraso elkarteak, sindikatuak, jubilatu taldeak, gazte mugimenduak… Denon bizitzen inguruan ari gara eta guztiok hartu behar dugu ardura”.
Lanean hasi dira eta domekako ekimenera hurbiltzeko deia egin dute: “Antolatuta gaude, eta dagoeneko herritar talde bat hasi gara lanean Mutrikuko zaintza sistema iraultzeko. Mobilizatzeko unea da, kaleak hartzekoa eta erantzuleei interpelazio zuzena egiteko momentua. Mutriku antolatu bat behar dugu, aliantza zabalen bitartez, eta horretarako zuek ere behar zaituztegu“.