Sorginak prest, gau handirako
Sorgin Gauerako arropak armairuetatik atera, eta herritarrak azkenengo ukituak ematen ari dira. San Joan jaiak berezi egiten dituen auzolanak ez du hutsik egiten.
Edabea prest daukate Ziortza-Bolibarren. Astebete falta da Sorgin Gauerako, eta herritarrek auzolanean prestatutako errezetak ez du hutsik egingo oraingo honetan ere. Ekainaren 23tik 25era bitartean, gozamenerako 11 aukera dauzkate San Joan jaiak goi-goitik ospatzeko.
Ohiko osagai eta formulagaz ondu dituzte jaiak, baina egitarauan badira berritasun zein aldaketa txiki batzuk ere. Esate baterako, zapatu eguerdiko bertso poteoa; Nerea Ibarzabal markina-xemeindarra eta Miren Amuriza berriztarra gonbidatu dituzte herri bazkariaren aurreko ordua girotzeko.
Bestalde, San Joan egunez izaten den sobre edo erramu erakusketa ere errotzen ari da dagoenerako.
Herri bazkaria antolatzearen ardura Markola Guraso Elkarteak hartu du, ingurukoen laguntzagaz. Normalean, paella jana izan ohi zuten, aurten, ostera, catering zerbitzuak eskainitako menua jango dute: nagusientzat paella, oilaskoa patatekin, pastela, edaria, kafea eta kopa, eta umeentzat, berriz, makarroiak, oilasko iztarra patatekin, brownie-a eta edaria.
San Joan eguneko bazkarirako hilaren 18ra arte izena eman daiteke Kanpapen
Kanpape Tabernan izena eman behar da, domeka honetara arte (ekainak 18), eta ordainketa bazkarian bertan egin beharko da. Nagusiek 20 euro ordaindu beharko dituzte eta 14 urtera artekoek 10 euro.
Zapatuan bertan mahaien prestaketa auzolanean egiteko laguntza eskatu dute; 11:00etan ipini dute horretarako hitzordua.
Arratsaldeko kale antzerkia ere bada berritasunetako bat. Garilak 26 taldearen erromeriaren atseden tartean, 19:00ak aldera, plazan antzeztuko dute Kanpora sartzen obra. Kale Gorrian taldekoen lana “etxebizitzaren gaiaren ingurukoa da”.
Erromeria ere plazan egitea erabaki dute aurten. “Beste urteetan frontoian egin izan dugu, baina eguraldiak laguntzen badu, plazan izango da”, azaldu dute antolatzaileek.
San Joan Txiki Egunean, zelan ez, ume eta gaztetxoak izango dira protagonistak, eta egun pasa ederrerako plana prestatu diete. Meza ostean, herriko umeen dantza saioa hartuko du plazak, eta arratsaldean gelditu barik ondo pasatzeko aitzakia bikaina edukiko dute. ”Txikienentzat eskaintza bat egongo da, eta nagusiagoentzat beste bat. Berritasun modura, pedaldun karrak ekarriko ditugu”. Frontoi atzeko aparkalekuan egongo dira horiek.
Elkarlana eta parte hartzea
Denen artean eta denentzat osatutako jaiak dira, eta elkarlan horren adibide nabarmenetakoa da Sorgin Gaua.
Pertsonaia mitologikoen etorrera eta San Joan suaren inguruan egiten duten antzezpena ikusgarria izaten da, eta bertakoen zein ingurukoen interesa pizten du Sorgin Gauak. “Aranbaltz Kultur Elkartearen gainean jausten da antolaketa nagusia, nahiz eta beste herritar denok parte hartzen dugun. Eskema betikoa da, baina izen liteke berezitasunen bat egotea”.
Etxeen fatxadak, atariak eta balkoiak dotore apaintzen dituzte, lehenagoko harmarri eta guzti: “Beti lantzen dute pertsonaiak janztea, eta urtero-urtero pertsonaien jantzietan eta osagarrietan inbertitzen dute, jantziak berriztuz etab”.
Kultura Batzordetik herritarrei pertsonaia mitologikoz janzteko deia egin diete, “egun horri denen artean indarra emateko”. Jakinarazi dutenez, jantzirik ez daukatenentzat lokalean edukitzen dituzte batzuk jendeari uzteko: “Aurretik, Aranbaltz Kultur Elkartekoekin harremanetan jarrita lortu ahalko dituzte. Zenbat eta jende gehiago jantzi, askoz ere itxurosoagoa izango da antzezpena. Eta inguruko herrietatik ikustera etortzeko gonbidapena luzatzen diegu, merezi duelako eta datozenak esku zabalik hartuko ditugulako”.
Jaietako egitaraua Kultura Batzordean erabakitzen dute, herritarren ordezkaritza zabalagaz; izan ere, bertan parte hartzen dute Aranbaltz Kultur Elkarteko, Kanpape Ziortza-Bolibarko Hirugarren Adinekoen Elkarteko eta Markola Guraso Elkarteko ordezkariek eta udaleko zinegotziek eta hainbat herritarrek. Jaiak antolatzeko eta prestaketa lanetan aritzeko herritarren parte hartzea guztiz garrantzitsua dela azpimarratu dute: “Elkarlana ezinbestekoa da kalitatezko jaiak antolatzeko, eta herritarren parte hartzea gakoa da maila guztietan, antolatzen, jaian parte hartzen zein laguntzen”.
EGITARAUA:
EKAINAK 23, BARIKUA: SORGIN GABA
- 17:00. Briska Txapelketa, frontoian (izen ematea 16:30 frontoian).
- 20:00. Txalapartariak, plazan. Sorginen eta pertsonaia mitologikoen etorrera eta antzezpena.
- Ondoren. Urdaia, txistorra, menbrilloa eta gazta jana, Idoia eta Roberto Etxebarria trikitilariek alaituta.
- 22:00. San Juan suak eta Sorgin dantza, sorginek prestatutako edabea…
EKAINAK 24, ZAPATUA: SAN JUAN EGUNA
- 11:30. Txistularien kalejira.
- 12:30. Meza.
- Ondoren. Sobre erakusketa eta txistulariak, elizpean.
- 13:30. Bertso poteoa Nerea Ibarzabalekin eta Miren Amurizarekin.
- 14:30. Herri bazkaria, frontoian.
- Ondoren. Garilak 26 taldeagaz erromeria, plazan.
- 19:00. Kale Gorrian taldeagaz Kanpora sartzen kale antzerkia, plazan.
- Ondoren. Garilak 26 taldeagaz erromeriak jarraituko du, plazan.
EKAINAK 25, DOMEKA: SAN JUAN TXIKI EGUNA
- 11:30. Txistularien kalejira.
- 12:30. Meza.
- Ondoren. Herriko umeen dantza saioa, plazan.
- 13:30. Irrintzi saioa eta txapel jaurtiketa lehiaketa, plazan.
- 17:00. Txikitxoentzat puzgarriak. Ume nagusientzako kutxen torrea jolasa eta pedaldun karrak, frontoi osteko aparkalekuan.
- Ondoren. Izozkiak ume eta nagusientzat.