Alberdik eta Goitisolok Euskadiko Esprint Txapelketa eskuratu dute Lekeitioko 30. triatloian
Zapatuan [ekainak 17] 474 kirolarik parte hartu zuten, horietako 107 emakumeak, inoizko kopururik handiena.
Lekeitioko triatloiak txapeldun berriak ditu, baita Euskadikoak ere. Lekeitioko 30. triatloiak hartu zuen zapatuan [ekainak 17] Euskadiko Esprint modalitateko Txapelketa. Urteurrenak beti dira bereziak, baina aurtengoa bereziki, probak lehen aldiz gainditu zuen 100 emakumeen langa, marka berri bat ezarriz. Guztira 474 kirolarik parte hartu zuten eta horietako 107 izan ziren emakumeak.
Emakumeen artean faboritoa nagusitu zen Lekeition. Helene Alberdik lortu zuen denborarik onena 01:09:10. Lehia estua izan zuen Jessica Ewart-McTigue australiarragaz, batez ere bizikleta gainean, baina azkenean 47 segundo atera zizkion herriko plazako helmugan. Hirugarren Marina Etxenike izan zen 01:10:54 denboragaz. Lehen lekeitiarra Amandarri Triatloi Taldeko Nahia Arrasate izan zen 19. postuan 01:19:11 denboragaz. Oro har, Amandarri laugarren izan zen taldekako sailkapenean eta Garraitz 11. izan zen.
Gizonezkoetan Joanes Goitisolo irabazleak atzetik aurrerako bidea egin behar izan zuen garaipena eskuratzeko. Gernika-lumotarrak ez zion lasterketari hasierarik onena eman igerizko ibilbidean, baina indarra eta gaitasuna erakutsi zuen probako beste bi faseetan buelta eman ahal izateko. Aimar Murua taldekidea izan zuen aurkari, azkenean Goitisolok 01:00:40 denbora eskuratu zuen, bigarrenak baino 24 segundo bizkorrago. Podiumeko hirugarren koskara igo zen Ricardo Hernandez 01:01:19 denboragaz. Haritz Garate izan zen lekeitiarrik onena seigarren postuan. Taldekako sailkapenari dagokionez, Amandarri bigarren izan zen eta Garraitz hirugarren.