Arai Lejardi eta Ortzi Aldazabal, banakako Euskadiko zesta puntako txapeldun
Barikuan [ekainak 16] eta zapatuan [ekainak 17] maila desberdinetako finalak jokatu zituzten.
Mutrikuko Miruaitz eta Berriatuko Mendibarren frontoian jokatu dira Euskadiko banakako txapelketako final handiak barikuan [ekainak 16] eta zapatuan [ekainak 17]. Lea-Artibai puntistek protagonismo handia izan zuten, txapelak irabaziz eta guzti.
Mutrikun lehiatu zuten barikuan [ekainak 16] finaletako batzuk. Lehendabizi kadeteen mailako finala jokatu zuten, Peru Landaluze izan zen Markina-Xemeingo ordezkaria. Noain taldeko Azpiroz Serrano izan zuen aurkari markina-xemeindarrak eta 25-14 galdu zuen. 22 urte azpikoetan ere ez zuten zortea alde izan. Patxi Pagoaga berriatuarrak 25-10 galdu zuen Hondarribiko zesta punta taldeko Basterra puntistaren kontra.
Zapatuan [ekainak 17] ez zegoen kale egiterik, bi finaletako pilotariak derbiak baitziren. Emakumezkoetan Markina-Xemeingo eskolako Arai Lejardik eta Erika Mugartegik finalik estuena jokatu zuten. Ohi bezala, partida gogorra bezain ikusgarria eskaini zuten Mendibarren frontoian. Azkenean atzelaria nagusitu zen 25-22. gazteen arteko gizonezkoen finalean bi berriatuar aritu ziren nor baino nor gehiago. Azkenean Ortzi Aldazabal nagusitu zen 25-15.