Lea-Artibai eta Mutrikuko zazpi enpresak jaso dute enpresa berritzailearen Hazinnova ziurtagiria
Etxebarriako Ezenarro Aroztegiak, Ondarroako Cofradia de pecadores Santa Clarak, Conservas Aguirreoak, High Identity Buildings Sociedad Limitadak, Pescados Llorentek, eta Mutrikuko Conservas Zizzok eta Korpionek jaso dituzte ziurtagiriak.
Lea-Artibai eta Mutrikuko zazpi enpresak jaso dute enpresa berritzailearen ziurtagiria gaur, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren, SPRIren eta Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziaren eskutik. Etxebarriako Ezenarro Aroztegiak, Ondarroako Cofradia de pecadores Santa Clarak, Conservas Aguirreoak, High Identity Buildings Sociedad Limitadak eta Pescados Llorentek, eta Mutrikuko Conservas Zizzok eta Korpionek jaso dituzte ziurtagiriak.
Guztira, Bizkaiko eta Gipuzkoako 60 enpresak jaso dute ziurtagiria, enpresa horiek berrikuntza ez teknologikoko mikro proiektuak ezarri dituztelako euren erakundeetan, “merkatuan duten posizioa hobetzeko helburuz”.
Ziurtagiria jaso duten Lea-Artibaiko, Busturialdeko, Durangaldeko eta Debabarreneko enpresa txiki eta ertainek 76 proiektu osatu dituzte Hazinnova 2022 deialdiaren bidez. Berrikuntzak egin dituzte produktuetan zein negozio prozesuetan, baita fabrikazioan, logistikan, merkaturatzean, administrazioan zein finantzaketan ere.
Ziurtagiria banatzeko ekitaldia Ermuko Izarra zentroan egin dute gaur, eta Bizkai, Araba eta Gipuzkoan egingo diren bost ekitaldietatik bat izan da. Ekitaldi horien bitartez, 321 ETEk berrikuntzaren euskal ekosisteman sartzeko egindako ahalegina aitortuko dute.
2022ko deialdian Hazinnova programak 2.760.000 euroko aurrekontua izan du, eta aurtengo deialdia zabalik dago oraindik ere. Hala, programan parte hartzeko interesa duten enpresa berriek urriaren 26ra arteko epea dute laguntza eskatu ahal izateko. Programak 2,7 milioi euroko aurrekontua du esleituta urte honetarako.