Ispasterren egin dute Sirenergy programako lehen landa bisita
Sirenergy programako lehen landa bisitak energia Europa osoko adituak bildu ditu. Programako partaideek energia berriztagarrien lanketa nola kudeatu dezaketen aztertu dute.
Ispasterrek hartu du Sirenergy (Social Innovation in Renewable Energies) programako estreinako landa bisita. Udaleko ordezkariek, Euskadiko Energia Erakundeko eta Leartibai Fundazioko ordezkariek harrera egin diete energi berriztagarrien kudeaketako adituei. Hain zuzen ere, Suediako hego-ekialdetik, Varna probintziatik (Bulgaria), Mazoviatik (Polonia), Errumaniako ipar-ekialdetik eta Nouvelle-Akitainetik (Frantzia) bertaratu dira nazioarteko aidtuak.
Energia berriztagarrien gaia hainbat esparrutatik ondu dute, trantsizio energetikoa helburu edukita.
Ispasterko bilerako langai nagusiak gizartearen parte hartze aktiboaren lanketa eta energia berriztagarriak ekoizteko instalazioek ekar ditzaketen denetariko onurak plazaratzea izan dira. Horien artean, onura sozialak, ingurumenaren zaintzagaz lotutakoak edo ekonomikoak nabarmendu dituzte.
Bileran, bestalde, Ispasterrek 2011. urteaz geroztik jasangarritasunaren, ingurumenaren zaintzaren eta trantsizio energetikoaren alde egindako ibilbidea aztertu zuten. GarbiƱe Saenz de Buruaga Ispasterko alkateak azaldu duenaren arabera, urte horietan “zelan lan egin duten, herritarrek zelako inplikazioa eduki duten eta egindako lanak herritarren bizitzean zein isla edo ondorio izan dituen” jorratu zuten: “Oro har, 2011n geneukan ikuspuntua zein zen plazaratu genuen; urte hartan aldaketa energetikoa eta jasangarritasun ardatz hartu genituen eta, helburu horiek betetze aldera, urteetan zehar egin dugun bidea azaldu genuen”.
Elkar ulertzea, helburu. Azaldu dutenez, Sirenergy proiektuak barnebiltzen dituen alderdiak “modu desberdinean” uler daitezke. Horrenbestez, lehen urratsa proiektuko bazkideen arteko “elkar ulertze bateratua formalizatzea” da, eta horixe izan zen Ispasterko bilerako helmuga. Besteren artean, bilatu zutena izan zen landa lurraldearen irakurketa egitea, herritarrek gaiarekiko duten inplikazioa eta onarpena neurtzea eta energia politikarako lurralde eskumenak eztabaidatzea.
Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) finantzatzen du Sirenergy, Interreg Europe egitasmoaren bidez.