Lagunkoia taldea sortu dute "Markina-Xemeini eta markina-xemeindarrei laguntzeko"
Eguenean [ekainak 22] proiektuaren aurkezpena egingo dute 18:00etan udaletxeko pleno aretoan. Parte hartzeko deia egin dute.
Markina-Xemeindar talde batek uste du herri “lagunkoiago” bat izan daitekeela Markina-Xemein eta horretarako Lagunkoia taldea sortu dute. Proiektuaren aurkezpena egingo dute eguenean [ekainak 22] 18:00etan udaletxeko pleno aretoan. “Jubilatuak gara eta gure denbora herriari eskaini nahi diogu, adin guztietako herritarrei laguntzako, nagusiei batez ere. Helburua da Markina-Xemeinen denentzako tokiak izatea, herri hobe bat eraikitzea eta bizi kalitatea igotzea”, esan dute.
Iaz jarri zuten martxan proiektua, eta lehen bileran 20-25 lagun elkartu ziren. Gainera, Lekeitioko eta Ispasterko Lagunkoia taldeak dituzte eredu, dinamizatzailea berdina da eta guzti. Kostaldean 2017an hasi ziren eta hainbat ekintza antolatzen dituzte, bestelako fase batean daude. Hala ere, gogoratu dute herri bakoitzak bere “egoera” duela, eta horrenbestez, bere “bidea” egin behar duela. “Markina-Xemeinen, esate baterako, nabaritu dugu espaloiekin arazoak daudela, autobus geltokia herritik kanpo ateratzeko proposamena dagoela edota nagusientzako jolasgune eta bidegorriak falta direla”.
Lehen fasean daude, prozesua aztertu eta gero diagnostiko bat diseinatzen ari dira. Herritarren “ikuspuntua, premiak eta ekarpenak” jaso nahi dituzte diagnostikoa osatu ahal izateko. Horrela, ikuspuntu desberdinetatik “beharrezkoak” diren hobekuntzak martxan jarri nahi dituzte. Inkesta bat prestatuko dute farmazietan, anbulatorioan, Gaztetxean edota zaharren egoitzan jarriko dituzte. Herritarrei zabaltzeko eta parte hartzeko deia egin diete. Gero, taldeak sortuko dituzte, behin datu kuantitatiboak jaso eta gero, kualitatiboak jasotzeko. Adin ezberdinetako herritarrez egongo dira osatuta eta bakoitzaren interesak, beharrizanak edota eskakizunak jasoko dituzte.
Dena jasotzen dutenean amaituko dute diagnostikoa eta ondorioak aterako dituzte. 2024an ekintza planak programatzeko txanda izango da, hau da, antzemandako arazoei konponbideak aurkitzeko ekimenak egingo dituzte. Lagunkoia taldetik azaldu dute hiru eta bost urteko zikloa dela, eta Lekeitiokoa, adibidez, bigarrenean dagoela: ekintzetan.
Bigarren ibilbidea. Lekeitio Lagunkoiak eta Lekeitioko Denbora Bankuak elkarlanean “herriko gune eta historia ezagutzeko” bigarren ibilbidea antolatu dute gaur. Lehendabiziko ibilbidea apirilean egin zuten, Isabel II erregina 1868an Lekeitiora etorri zenean egindako bidea osatu zuten. Antolatzaileen arabera, ekintza “arrakastatsua” izan zen eta errepikatu nahi izan dute.
Oraingo honetan herrian zehar banatuta dauden ermitak ezagutzeko ibilbidea izango da, eta, bi orduko iraupena izango du. 17:30ean, Arropain auzoko Magdalenako Ermitatik hasiko dira eta aurreko ibilbidea bezala, bi kilometrokoa izango da. “Ermiten historia kontatuko da, zein izan zen eliza, Lazareto modura erabili zena, erailketa bat salatzeko egindakoa, komentu bihurtu zutena, udaleko erabakiak hartzeko tokia orain Euskal Herriko egurrezko dolarea antzinakoena gordetzen duena…”. Horrez gain, aurreratu dute “sorpresak” egongo direla eta amaieran lekeitiar Lagunkoien lorategia inauguratuko dutela.