Arrigorri hondartzako gordailuak aurreikuspen guztiak gainditu ditu
Herritar asko gauzak bertan uzteko aukerarik gabe geratu dira. Udalak eta zerbitzuguneko arduradunak datorren urtera begira irizpideak ezarriko dituztela aurreratu dute.
Ondarroako Arrigorri hondartzako gordailuan aulkiak, etzaulkiak eta umeek jolasak uzteko aukera eskaintzen da urtero, eta duela aste batzuk martxan ipini zen aurtengo denboraldiko gordailu eskaera epea. Aurreikuspen guztiak gainditu ditu eta herritar asko gauzak bertan uzteko aukerarik gabe geratu dira: “Zerbitzu hau eskaintzen hasi zenetik lehen aldia da biltegi guztia betetzen dela, eta aurreikuspen guztiak gainditu dira”.
Udaletik jakinarazi dutenez arazoaren berri izatean, Arrigorriko zerbitzuguneko arduradunekin batera arazoari irtenbidea ematen ahalegindu dira, baina “ezinezkoa” ikusi dute aurten irtenbidea ematea: “Dagoeneko hondartza garaia martxan egonda eta biltegietan lekurik ez dagoela ikusita, ezinezkoa da aurten irtenbidea ematea”.
Hortaz, datorren urtera begira irizpideak ezarriko dituztela aurreratu dute: “Datorren urteko udarako irizpide zehatzak ipiniko ditugu gordailuaren erabilera egiteko lehentasunak ipiniz. Uste dugu adineko herritarrek edo mugikortasun arazoak dituztenek lehentasuna izan behar dutela, erosotasunaren aurretik benetako premiak jarriz”. Egoera kontuan izanik, udaletik erabilera arduratsua egiteko deia luzatu dute: “Guzti honengatik, inoiz baino gehiago, erabilera arduratsua egitea eskatzen dizuegu herritarroi”.