Mutrikuko dikeari Bandera Beltza esleitu diote
Ekologistak Martxan elkarteak 2023ko Bandera Beltzen txostena plazaratu du; esleitutako 48 bandera beltzen artean Mutrikuko dikeari esleiturikoa dago.
Urtean zehar 8.000 kilometro baino gehiago aztertu ondoren, Ekologistak Martxan elkarteak kaleratu du 2023ko Bandera Beltzen txostena. Txosten horretan, guztira, 48 bandera beltz esleitu dituzte Espainiar Estatu osoan, hain zuzen ere, probintzia bakoitzeko bi: bata kudeaketa desegokiagatik eta bestea kutsaduragatik. Bigarren urtez jarraian, Gipuzkoan kutsaduragatik esleitutako bandera beltza Mutrikuko portuko dikeak jaso du.
Dikearen obrei dagokienez, elkartekoek “iluntasun handiz egindakoa” dela argitu duten beraien txostenean. Izan ere, 2022. urteko irailean ipini zituzten abian dikearen luzapen lanak, baina aurtengo urtarrilean Europar Parlamentuak obra horiek ikertzeko agindua eman zuen.
2011n aurkeztutako itsas sarbidea hobetzeko proiektuak 2004ko uztailean onartu zen ingurumen inpaktuaren ebaluazioa erabiltzen du. Ekologistak Martxan elkartekoek salatu dute ebaluazio hori “beste proiektu desberdin batentzat” egindako ebaluazioa dela, 2005eko proiektuarentzat egindakoa, hain zuzen. Dikearen proiektua etengabe aldatzen joan denez, ingurumen ebaluaziorako “prozesu berri batetik” igaro behar dela azpimarratu dute.
Obra zuzendaritzaren talde teknikoak aukezturiko txostenean jasota dago beharrezkoa dela aurreikusi gabe zeuden eta atzeman dituzten akatsak eta gabeziak konpontzea, obra teknikoki bideragarria izan dadin
Obra zuzendaritzaren talde teknikoak obra aldi baterako erabat gelditzeko eskaera justifikatzeko txostena egin zuen, martxoaren 10ean. Txosten horretan jasota dagoenaren arabera, beharrezkoa da aurreikusi gabe zeuden eta atzeman dituzten akatsak eta gabeziak konpontzea, obra teknikoki bideragarria izan dadin. Hortaz, 2023ko martxoaren 30etik 2024ko urtarrilaren 5era bitartean egitea aurreikusita zegoen obra ezingo da aurrera eraman, proiektua onartutako neurriekin eraldatzen ez bada, besteak beste.
Etorkizuneko arazoak saihesteko. Ekologistak Martxan elkartekoek, hainbat hausnarketaren artean, proposatzen dutena da dikea eta ingurune osoa gaur egungo lekuan errematatzea. Diotenez, dikea luzatzea etorkizuneko sarrerak eta irteerak “arriskuan jartzea” izango litzateke, itsaslabarretik hurbil eta albotik datozen olatuekin topo egiteagatik.