Gurpil-aulkian egingo den Euskal Herriko lehen itzulia antolatu du Caminus Elkarteak
CaMinus elkarteak eta Vital Fundazioak elkarlanean sortu duten ekimena da. Ondarroatik eta Lekeitiotik pasako da barikuan [ekainak 23] eta zapatuan [ekainak 24].
Eguaztenean [ekainak 21] eman zioten hasiera lehenengo etapagaz Gasteizen eta uztailaren 1ean toki berean amaituko da. Hamaika etapaz osatutako ekimen honetan Euskal Herri guztia zeharkatuko dute, 500 kilometrotik gora eginez. Hain zuzen ere, hiru eta laugarren etapetan pasako da itzulia Lea-Artibaitik. Hirugarren etapa Bilbon hasi eta Lekeition amaituko da, barikuan [ekainak 23], 54,9 kilometroko ibilbidea eginez. Laugarren etapa, aldiz, Lekeition hasi eta Zumaian amaituko da, zapatuan [ekainak 24], 42,9 kilometro egin ostean.
CaMinus elkartea hiru lagunek sortu zuten, 2019an, desgaitasuna duten pertsonen aldeko elkartasun-proiektuak garatu eta gaixotasun arraroak ikertzeko funtsen bilketan laguntzeko asmoz. Helburu horri jarraituz, eta Vital Fundazioarekin elkarlanean, antolatu dute gurpil-aulki elektrikoan egingo den Euskal Herriko lehenengo itzulia.
Ruben Zulueta CaMinus elkarteko sortzaileetako batek aipatu du beraien asmoa ahal duten herri guztietatik pasatzea dela, bai herrietako desgaitasuna duten lagunei babesa adierazteko eta baita beraien egoera nolakoa den erakutsi eta kontzientziatzeko ere.
Zailtasunak, agerian. Lehen etaparako 40 kilometro inguru zeuden aurreikusita baina azkenean, Ruben Zuluetak, CaMinus elkartearen sortzaileetako batek, adierazi du 50 kilometro baino gehiago egin zituztela «zailtasunak, oztopoak, ur putzuak eta beste hainbat eragozpen» aurkitu zituztelako bidean. Azpimarratzen duenez, horrelako zailtasunak ikustaraztea da beraien helburuetako bat.
Dituzten helburuak lortzeko, tokiko erakundeekin harremanetan jarri dira ibilbidean zehar eta «babes asko» jaso dutela aipatzen du Rubenek, bai elkarteengandik eta baita udaletxe zein herritarrengandik ere. Horrez gain, ikastetxeetan hitzaldiak ere antolatu dituzte, gazteak desgaitasun egoeretaz kontzientziatu daitezen, «egoera horrek edozeini eragin diezaiokeelako bizitzako edozein unetan».