Lander Odiaga markina-xemeindarrak irabazi du Gipuzkoako 52. hiru txirlo txapelketa
Duela 39 urte ez zuen bizkaitar batek txapelik preziatuena irabazten. Gainera, Mateo Guenaga markina-xemeindarra Lehendakari Sarian gailendu zen.
Gipuzkoako hiru txirlo bola joko txapelketa da bolari orok irabazi nahi zuen txapela. “Euskal Herrikoa agian handiena da, baina ez da hain preziatua, Gipuzkoakoa preziatuena da duen mailagatik eta zailtasunagatik”, azaldu du Lander Odiaga aurtengo txapeldunak. Agian hori izan da arrazoia azken 39 urteetan bizkaitarrik irabazi gabe egoteko. Azken beste markina-xemeindar bat izan zen: Juan Luis Antxustegi Ondarru.
Hain zuzen ere, Odiaga bera zoriondu zuen herritik ibiltzen zegoela, “oso pozik nago”. Bidea ez da erraza izan. “Egia esan, hasieran ez nuen bat ere ez serio hartu txapelketa, arratsalde pasa joaten nintzen, bola batzuk jaurtitzera, eta batez ere lagunekin egotera”. Baina Soraluzeko jaurtialdia irabazi zuen, hori gutxi ez, eta bolatoki zailenetan “emaitza onak” lortu zituen: “Pixkanaka ikusi nuen sailkapen orokorreko goialdean nengoela hiruzpalau podium lortu ostean”. Dena emateko erabakia hartu zuen, eta berriro entrenatzen hasi zen, goitik beherako eraldaketa bizi izan zuen. “Azken jaurtialdietara urduri eta guzti joaten nintzen, oso kontzentratuta egon nahi nuen”.
Gipuzkoako 52. Txapelketako azken probara Pedro Gomezegaz berdinduta heldu zen Odiaga 37 txirlogaz, “dena erabakitzeke zegoen”. Markina-Xemeindarrak bi txirlo jaurti zituen, eta aurkariak hiru kale egin. 1984az geroztik ez zuen bizkaitar batek txapela janzten.
Gainsaria. Horrez gain, hurrengo astean Lehendakari Saria lehiatu zuten, “Gipuzkoako txapelketa liga da eta Lehendakari Saria kopa da”. Beste markina-xemeindar bat gailendu zen Azpeitiko Garmendipe bolatokian jokatu zen Bolari Egunean: Mateo Guenaga. Gero, parte hartzaile zein antolatzaileak bazkaltzeko elkartu ziren sari banaketa egin baino lehen.