Mutrikuko Danok Bat elkarteko pilotariak, finalen atarian
Barikuan [ekainak 23] zein domekan [ekainak 25] Gipuzkoako txapelketak jokatuko dituzte zesta-puntan eta palan.
Mutrikuko Miruaitz frontoiak hartuko ditu zesta-puntako final handiak. Barikuan [ekainak 23] herriarteko finalean neurtuko dituzte indarrak nor baino nor gehiagok Mutrikuk eta Hondarribiak. 19:30ean hasiko dira partidak eta hiru maila desberdinetan ariko dira: kadeteetan, gazteetan eta nagusietan. Azken 13 finalak jarraian jokatu dituzte mutrikuarrek eta horietako 7 irabazi. Danok Bat pelotazale elkartetik final “berdindua” aurreikusi dute, nahiz eta ligaxkan etxean gailendu ziren: “Hiru mailetan oreka handia dago, Hondarribik bikote indartsuak ditu denetan, kadeteen lehia izango da erabakigarria, gazteetan eta, batez ere, nagusietan faboritoagoak garelako etxean jokatzeagatik”.
Domekan [ekainak 25] Gipuzkoako banakako txapelketako egoitza izango da Miruaitz pilotalekua. Kasu honetan, mutrikuarren eta hondarribitarren arteko lehia izango da. 17:00etan hasiko dira partidak. Kadeteetan, Ekhi Letek Hondarribiko Zamoraren aurka jokatuko du, Unax Zubizarretak Amboageren kontra eta Mikel Manzik Basterraren aurka. “Hondarribiak lan bikaina egin du azken urteetan eta orain emaitzak jasotzen ari dira. Final berdindua izango da, garrantzitsua izango da gure frontoian jokatzea txikiagoa delako eta gure ezaugarrietara hobeto egokitzen delako”.
Azkoitian, pala. Zesta puntan ez ezik Danok Bat taldeko palistak ere finalera heldu dira herriarteko txapelketan, lehen aldiz gainera. Astigarraga izango dute aurkari: banaka kantxa osoan zein 7 barruan eta binaka. “Azken egunak baino lehen hautagai nagusiak ginen, baina lesioak tarteko zailago izango dugu txapela janztea. Hala ere, dena ematera eta borrokatzera aterako gara kantxara”.