Dena prest, jaiei hasiera emateko
Hamaika ekintzaz datoz Munitibarko San Pedro Jaiak; kolorea eta jai giroa ez da faltako herrian. Mutrikun, berriz, ekitaldi berezi bezain xumea egingo dute; itsasoan desagertutakoei omenaldia.
Herria kolore eta jai giroz betetzen duen formulagaz topo egin zuten munitibartarrek, hortaz, ondo dagoena aldatzeko beharrik barik, ohiko errezetagaz emango diote San Pedro jaiei hasiera aurten ere Munitibarren. Elkarteetako bozeramaileek eta herritarrek osatzen duten Jai Batzordeak herritar guztiei begira antolatu du, aurten ere, hiru eguneko egitaraua. «Egitura aldetik formula berdinagaz jarraituko dugu».
Gainera, duela hiru urte hasi ziren San Pedro jaiak kolorez eta mozorroz girotzen eta, aurten ere, ez dute hutsik egingo. Zirkua, Piratak eta Pertsonaia mitologikoak izan dituzte aurreko urteetako gaiak, aurten, berriz, Hawaii izango da. «Mozorrotzeak arrakasta izaten du, urtez urte funtzionatzen duen zerbait izanda, finkatzen doan ekimena da. Herrian giroa jartzen du, eta jendea asko animatzen da».
Aldaketa nagusiena izan da barikuan jan-edana ipintzea. Orain arte barikuetan musika izan da protagonista nagusia, baina jendea jai giroan sartzeko elementu hori gehitzea erabaki dute: «Barikuan, musikagaz batera, kopaua jarriko da, musikagaz girotzeko beti funtzionatu izan duen zerbait da, eta berreskuratu nahi izan dugu». Hortaz, barikuan, kopaua eta DJ zart izango dira ilunabarra girotuko dutenak. Baina aurretik jaiei hasiera emango diete, txupinagaz eta pregoiagaz. Lea Ibarrako Motrollo Pilota Elkartekoak izango dira txupina jaurtitzeko betekizuna edukiko dutenak.
Zapatuan, berriz, jaietako momentu bereizgarrienari helduko diote: herri bazkariari. Adin guztietako herritarrak biltzen dira, kuadrilla eta lagunartean, elkarren konpainiagaz gozatzeko asmoz. Izen ematea udaletxeko administrazioan eta liburutegian egin behar da, ekainaren 27ko 15:00ak baino lehenago: «Epez kanpo ezingo da izenik eman».
Bazkarirako oharrak. Taldekide bakoitzak 2 euro ordaindu beharko ditu, eta talde arduradun bat izendatu. «Jai Batzordetik taldeek jai gunean sukaldatzeko deia egiten dugu, horrela orain arte egon den jai giroa mantentzeko asmoz» .
Horrez gain, arauak zehaztu dituzte. Lehenik, talde bakoitzeko arduradunak muntatzeko eta desmuntatzeko lagunak lotu beharko ditu. Gainera, talde bakoitzak sukaldatzeko mahaia frontoitik hartu eta, beharrezkoa bada, muntaketarako libratu beharko du. Sukaldatu eta gero lekua eta mahaia garbitu beharko dituzte.
Lekuari dagokionez, Jai Batzordeak zozketa bidez egingo du esleipena. «Talde bakoitzari ogia, eskuzapiak, edaria, postrea eta plater, edalontzi eta tresna berrerabilgarriak emango dizkiogu». Bazkalostean, talde bakoitzak plater, edalontzi eta tresna berrerabilgarri guztiak bueltatu beharko ditu, horretarako emandako poltsetan. Jan-edanagaz gozatu ostean, festagaz jarraitu eta musikari egingo diote tartea, Joselontxos txarangagaz eta Iratzar erromeriagaz.
Aurtengo ekimen bereizgarriena, berriz, domekan egingo da: zirku tailerra. «Egitarauan 11:00etan egingo dela zehaztu genuen arren, aldaketa bat egon da eta, azkenean, 12:00etan hasiko da tailerra». Eguerdian, berriz, adin guztiei gozatzeko aukera eskaintzeko asmoz pintxoak eta trikitilariak egongo dira, herriko plazan. «Pasaden urtean berrantolatu genuen egitaraua, egun hau guztientzako eguna izateko asmoz». Adin tarte guztiek batera gozatu eta herritarren arteko giroa sortzeko asmoz hartu zuten erabakia. Arratsaldean, berriz, frontoia jarriko dute erdigunean, San Pedro Txapelketako finalak lehiatuko baitira bertan.
Itsasoa erdigune. Mutrikun aldaketa egon da; pasaden urtean egitarau zabalagaz ospatu zituzten sanpedroak, baina aurten, berriz, ekitaldi xume batera mugatu dute ospakizuna. Zehazki, pasaden urtean egindako ekimen berezia errepikatuko dute; San Pedro Egunean bilduko dira moila zaharrean, itsasoan galdutako mutrikuarrei merezitako omenaldia egiteko. Oraindik ez dute zehaztu zein ordutan izango den.