Iñaki Osa Goikotxearen azken partida Markina-Xemeingo Uni frontoian
Finalerdiak zehaztuta daude: Erkiaga-Ibarluzea Arbe-Lekerikaren kontra eta Barandika-Basque Olharan-Zabalaren aurka.
Egun berezia izateko osagai guztiek zituen barikukoak [ekainak 23]. San Joan bezpera, Iñaki Osa Goikoetxearen azken partida izan litekeena Uni frontoian edota Jose Antonio ‘Txato’ Egurbideren heriotza. Mutrikuarra 84 urtegaz hil zen Connecticuten (Estatu Batuak), zesta-puntako handienetakoa, Milforden intendente aritutakoa. Zutunik eta txalo zaparrada bategaz omendu zuten. Finalerdiak zehazteko eguna zen, jendetza batu zen pilotalekuak eta pilotariek eta zaleek ez zuten hutsik egin.
Lehen partidan Aritz Erkiagak eta Ion Ibarluzeak 2-0 irabazi behar zieten Alex Goitia eta Imanol Lopezi aurrera egiteko, hori gutxi ez, eta zazpi tantoko aldea behar zuten. Ispastertarrak, zailtasunaz jakitun, erakustaldia eman zuen. Lehen setean dantzan jarri zituen aurrelari markina-xemeindar gaztea eta atzelari beteranoa. 8-14 aurreratu ziren, baina gorriek azken saiakera egin zuten tartea laburtuz, tanto bakoitza zen garrantzitsua: azkenean 11-15.
Tendentzia positibo horreri eutsi zioten Goitiak eta Lopezek 7-4 aurreratzeko. Erkiaga eta Ibarluzea kanpoan geratzeko mugan zeudenean agertu zen ostera ere ispastertarra, bikoteak gehien behar zuenean. Nahi modura amaitu zuen tantoa. Hala ere, markina-xemeindarrak eta zumaiarrak aurretik jarraitzen zuten, 12-10koagaz tanto bakarra behar zuten finalerdietarako txartela eskuratzeko. Denek zituzten matematikak buruan, baina matematikoak Erkiagaren erremateak izan ziren. 12-14 irauli zuten markagailua eta azken tantoan erabakiko zen finalerdietarako hirugarren bikotea: Gorrien 13.a edo urdinen 15.a. Tentsio ikaragarria Unin eta azkenean tantoa urdin. Erkiaga eta Ibarluzea finalerdietara.
Hil edo bizi. Bigarren partidan tentsio bera egon zen, hil edo biziko lehia zen. Batetik, Goikoetxea eta Atain, bestetik Olharan eta Zabala. Irabazleak finalerdietara, galtzaileak kalera. Urdinek oso argi zuten bide orria, jokoa atzeko koadroetan ezarri Goiko jokoz kanpo uzteko. Hasieran lortu zuten, baina zumaiarrak ez zuen Unin jokatzen zuen azken partida izatea nahi: 15-12, gorri. Baina bigarren setean, buelta eman diote markagailuari Olharanek eta Zabalak: 10-15. Bost tantora jokatu beharko zuten sailkapena.
0-1, Atainek gora. 1-1, Zabalari pilotak xisteratik ihes. 1-2, urdinak berriz aurretik. 2-2, Goikok ez zuen errematean asmatu, Olharanek eraso, Atainek ondo eutsi eta azkenean markina-xemeindar gazteak tantoa. 3-2, Atainek txulara. 3-3, Zabalaren pilota jaitsi zuen, errebesez azpi azpitik, tanto. 4-3, gorriak lehen aldiz aurretik. 4-4, Olharanek horma bikoa albotik, aurkariak engainatuz. Azken tantoa. Beste tentsio une handi bat. Goikoetxeari eskura etorri zitzaion pilota, baina presioa nabaritu zuen, ihes egin zion eskuetatik finalerdietarako txartelak. “Goiko, Goiko” oihuekin agurtu zuen aurrelariak Markina-Xemeingo Uni frontoia.
Beraz, Markina-Xemeingo Gran Slameko finalerdiak zehaztuta daude. Domekan [uztailak 2] 18:00etatik aurrera Erkiaga-Ibarluzea Arbe-Lekerikaren kontra ariko dira. Uztailaren 8an 19:00etan Barandika-Basque eta Olharan-Zabala bikoteak neurtuko dituzte indarrak. Bi finalerdiak baino lehen lagunarteko bi partida jokatuko dira. Sarrerak salgai daude.