Jendetza elkartu da Barinagako San Pedro jaietan
Barikutik [ekainak 23] eta domeka [ekainak 25] bitartean ospatu zituzten jaiak hiru urteren ostean.
2019an ospatu zituzten azken aldiz erabateko normaltasunagaz Markina-Xemeingo Barinagako auzotarrek San Pedro jaiak. Nabaritu egin da. Jendetza elkartu zen barikutik [ekainak 23] eta domekara [ekainak 25] auzoan. Zapatuan [ekainak 24], esate baterako, 50 bolarik baino gehiagok parte hartu zuten V. Barinagako hiru txirlo bola joko txapelketan. Gipuzkoako Txapelketan eskuratutako emaitza bikainen ostean, asko izan ziren izena eman zuten herritarrek.
Baina sanpedroetako egunik handiena domekakoa [ekainak 25] izan zen. Herri bazkarian, hasiera baten 100 auzotarren langa gainditu nahi ez bazuten ez, azkenean 110 elkartu ziren giro “ezin hobean”. Gero, txikienek puzgarrietaz gozatzeko aukera izan zuten eta nagusiagoek idi probagaz pasa zuten arratsaldea. Elgoibarko Soarte izan zen irabazlea 52 untzegaz. Egunari amaiera emateko rifen zozketa egin zuten: lehen sariaren irabazlea 691 zenbakia izan zen, ordezkoa 233, eta bigarrenarena 656, ordezkoa 944.