Lekeitio eta Ondarroara ere iritsi da CaMinus, gaixotasun arraroak ikusarazteko ahaleginaz
Ondarroan, herritarrek, Karenka elkarteak eta udal ordezkariek harrera egin zieten gurpil aulkian Euskal Herriari itzulia ematen ari diren CaMinus elkarteko kideei.
Gurpil aulkian Euskal Herriari itzulia ematen ari dira Ruben Zulueta eta Jose Ignacio Fernandez CaMinus elkarteko kideak. Gaixotasun arraroak existitzen direla erakustea, baikortasuna transmititzea eta gaixotasun arraroak ikertzeko dirua biltzea dira euren helburuak. Barikuan [ekainak 23] Gernika-Lumoko Batzarretxean egon ostean, Lekeition eta Ondarroan ere egon dira.
Hain zuzen ere, hiru eta laugarren etapetan pasatzen zen itzulia Lea-Artibaitik. Hirugarren etapa Bilbon hasi eta Lekeition amaitu zen barikuan, 54,9 kilometroko ibilbidea eginez. Laugarren etapa, berriz, Lekeition hasi eta Zumaian amaituko zen zapatuan [ekainak 24], 42,9 kilometro egin ostean. Ondarroan zain zituzten Zuluetak eta Fernandezek herritarrak, Karenka elkarteko kideak eta udal ordezkariak merezitako ongietorria emateko. Bertaratutakoek, gainera, Ondarroako ibilbidea egin zuten bi protagonistekin.
Muskulu distrofia izeneko gaixotasun arraroa dute Zuluetak eta Fernandezek, eta erronka honegaz erakutsi gura dute gaixotasuna eduki arren hainbat eta hainbat gauza egiteko gai direla: “Zerbait ezin dugula egin esaten digutenei ilusioz eta baikortasunez erantzuten diegu baietz. Bizitzeko gogoa dugu, ilusioa, gure burua gainditzeko asmoa”.
“Iriste erraztasunaren enbaxadore” izan gura dute. Eta iriste erraztasunaren gaia plazaratzeko eta beste helburuak betetzeko asmoz, ekainaren 21ean hasi zuten Euskal Herriari buelta emateko bidea Gasteizen. Ordutik, Euskal Herriari buelta ematen ari dira, eta hamabi etapatan 500 kilometro baino gehiago egingo dituzte.
Bidean babesa sentitu dutela adierazi dute, eta babesaz gain, bidean “zailtasunak, oztopoak, ur putzuak eta beste hainbat eragozpen” aurkitu dituztela ere aipatu dute. Azpimarratu dutenez, horrelako zailtasunak ikusaraztea da, hain zuzen ere, ekimenaren helburuetako bat.
2019an CaMinus elkartea sortuz geroztik, denetariko proiektuak burutu dituzte: erromes bidea egitea, Monegroseko basamortua 10 egunetan zeharkatzea, edota Almeriatik Santiago de Compostelaraino joatea. Proiektu horiei lotutako jarduera modura, elkartasunezko martxak eta elkartasun kontzertuak antolatu dituzte, eta ikastetxeetan ere presentzia eduki dute: “Ikastetxeetan hitzaldiak eman ditugu gazteenak kontzientziatzeko eta desgaitasunen bat izateak dakartzan arazoen berri emateko”.