Mutrikuarrak txapeldun zesta-puntan eta txapeldunorde palan, Gipuzkoako Txapelketan
Barikuan [ekainak 23] eta domekan [ekainak 25] jokatu zituzten finalak. Arduradunak “oso pozik” agertu dira lortutako emaitzekin.
Miruaitz frontoiak hartu zituen zesta-puntako finalak, mutrikuarren mesederako, eta nabaritu da emaitzetan. Barikuan [ekainak 23] Gipuzkoako herriarteko finala jokatu zuten Hondarribiaren aurka. Lehia berdindua espero zen eta horrelakoa izan zen. Kadeteetan hondarribitarrak nagusitu ziren 22-30, baina hurrengoko bi partidetan garaipena lortu zuten Danok Bat pelotazale elkartekoek. Gazteetan aurkarien titular baten lesioa baliatu zuten 30-20 irabazteko eta nagusietan faboritismoa berretsi zuten 30-11 gailenduz.
Domekan [ekainak 25] banakako txapelketa ere emaitza bera eskuratu zuten Hondarribiaren aurka, bi txapel eta bigarren postu bat. Ekhi Letek 25-20 irabazi zion Zamorari, Unax Zubizarretak emaitza beragaz hartu zuen mendean Amboage. Mikel Manzik, berriz, ezin izan zuen lana borobildu eta hiru txapelak etxean geratzea lortu. Atzelariak Zumaian jokatu zuen Master Seriesean eta nekea nabaritu zuen Basterraren kontra 19-25 galduz.
Txanponaren beste aldea. Palan lehen aldiz sailkatu ziren mutrikuarrak finalerako Astigarragaren aurka, baina zortea ez zuten alde izan Azkoitian. Titular batek min hartuta ezin izan zuen jokatu eta taldeak asko nabaritu zuen. Lehen bi partidetan, banakakoa kantxa osoan eta binakakoan, berdintasuna izan zen nagusi. Azken tantoetan, berriz, Astigarrakoek haien esperientzia erabili zuten gailentzeko, 10-15 eta 20-17, hurrenez hurren. Azken partidan, banakakoan 7 barruan, ez zegoen ezer jokoan eta 20-7 galdu zuten mutrikuarrek.
Danok Bat pelotazale elkartetik txapelketetako balorazio “oso positiboa” egin dute bi modalitateetan, lanari eta emaitzari “jarraipena” eman nahi diotela nabarmendu dute. Zesta-puntan, adibidez, zortzigarren aldiz irabazi dute mutrikuarrek Gipuzkoako herriartekoa eta orain Euskal Herriko herriartekoa jokatuko dute Berriatuaren kontra. Horrez gain, ordezkariak izango dituzte Europako Txapelketetan, emakumezkoen nagusietan eta 22 urte azpiko gizonezkoetan. Horrez gain, aurreratu dutenez, zenbait mutrikuarrek Mexikora arte bidaiatuko dute datorren astan bertan txapelketa bat jokatzeko.