Artako sanpedroak, berezi bezain etxeko
Artako San Pedro baselizaren ingurua txukun eta eder dago auzotarrei zein ingurukoei ondo etorria emateko. Asteburu honetan ospatuko dituzte San Pedro jaiak eta, betiko moduan, auzotarrek abegikor hartuko dituzte bertaratzen direnak.

San Pedro jaiak santu horren omenezko baselizaren inguruan ospatzen dituzte herri asko eta askotan, eta horietako bat da Bolibarko Arta auzoa. Ermita dotorea daukate, eta “inguru zoragarria”, jaietan zein edozein asteburutan ere gozatzekoa.
Gainera, San Pedro jaien ospakizunak hartzeko inguru guztia txukun-txukun uzten dute auzotarrek: “Auzoko gehienak ibili gara garbitasun lanetan, eta pagadi eta ermita inguru guztia garbi-garbi laga ditugu”.
Hain zuzen ere, herri txikietan eta auzoetan ohi den legez, auzolanean antolatutako ospakizuna da Artakoa, eta elkarlan horretan oinarrituta banatzen dituzte jaien egunetako zereginak ere. Jaien antolakuntzaz arduratzen den lantaldeko kide Gaizka Guenaga Urkidik adierazi duenez, “urtero legez” ospatuko dituzte jaiak, ekitaldietan ez baitute aldaketarik egin.
Briska txapelketan Lea-Artibaiko produktu-sortekin ere sarituko dituzte
Zapatu arratsaldean Artako X. Briska Txapelketa jokatuko dute, eta horixe izango da auzokoan zein ingurukoak elkartzeko lehenengo hitzordua. Izen ematea bikoteko 10 euro izango da, eta lehenengo lau bikote sailkatuak sarituko dituzte. Txapeldunek eta txapeldunordeek Lea-Artibaiko produktuekin osatutako sortak eta diru sariak jasoko dituzte; bikote txapeldunari 100 euro emango dizkiote eta bigarrenari, berriz, 80 euro. Hirugarren geratzen direnek 60 euro hartuko dituzte eta laugarrenek 40 euro. Gainera, parte hartzera animatzen diren guztiei bizkotxoa eta txokolatea banatuko dizkietela jakinarazi dute antolatzaileek.
Domeka, egun handia
Domeka goizeko mezarako dena prest utziko dute, eta garbitzeaz gain, ermita apaindu ere egingo dute, urteko meza nagusiena izaten baita San Pedro jaietakoa: “Emakumeek dena txukun utziko dute, eta loreekin apainduko dute”.
11:00etako mezaren ostean, Markina-Xemeingo Zerutxu Dantza Taldekoek emanaldia eskainiko dute, baselizaren kanpoaldean eta, ikuskizun ederra sortzeagaz batera, bertaratutakoak ere dantzan jarriko dituzte.
Ondoren, punta-puntako bertso saioaz gozatuko dute bertaratzen direnek. Izan ere, Bertsolari Txapelketa Nagusian finalista izan ziren Nerea Ibarzabal markina-xemeindarra eta Aitor Mendiluze andoaindarra ariko dira bertsotan. “Lehenago Bitorio Zelaiak antolatzen zuen bertso saioa, eta maila handiko bertsolariak ekartzen zituen, eta gu horri eusten saiatu gara. Egaña, Lizaso, Murua, Mendizabal,… horiek izan dira orain arte etorri izan direnak, denak maila handikoak, eta orain datozenak ere oso maila handikoak dira”.
“Maila handiko bertsolariak” eroateko apustuari eusten diote
Tradizioz, bertso afaria antolatu ohi zuten sanpedroetan, eta iaz, lehenengoz, bertso saioa egunez egitea erabaki zuten. Aurten, beste pauso bat eman dute: “Aurten bertso saiorako emakumezko bat eta gizonezko bat ekartzea erabaki dugu, eta hori izan liteke jaien egitarauan daukagun berezitasun bakarra. Bertso saioagaz batera, eguerdirako txikiteoa ere gehitu dugu; bi txosna ipintzen ditugu, eta auzo elkartekook pintxo nahikoa egiten ditugu hurreratzen direnentzat”.
Bazkalorduan, zein bere etxean batzen dira urtero-urtero, senideekin lasai eta etxeko giroan bazkaltzeko. Gero, berriz, jolaserako tartea hartuko dute ume, gazte zein nagusiek. 18:00ak aldera hastea aurreikusi dute: “Umeen jolasak egongo dira. Umeek saio bat bukatzen dutenean, gurasoak ibiltzen dira jolasekin, eta iluntzean dena jasotzen dugu”.
Antolakuntzakoak nabarmendu bezala, domekan egun guztian Jose Luis Laja eta Lutxurdixo trikitilari azkoitiarrak ariko dira giroa alaitzen: “Nahikoa entzutetsuak dira, eta trikiti munduan hainbat txapelketetan aritzen dira. Beste urte batzuetan ingurukoak ere ekarri izan ditugu”.
Gonbidapena
Auzotarren sanpedro jaiei eusteko eta adin eta gustu guztientzako eskaintza bermatzeko ahalegina egiten dute, eta argi daukate horixe dela eta izango dela euren apustua: “Auzoetan jaiak pixka bat murrizten daude, ez delako jende asko biltzen. Ahalegina egiten dugu, eta egiten segituko dugu, baina ez da erraza, auzoetako jendea kalerantz jaisten da, eta oso gutxi batzen dira”.
Zapatuan zein domekan Artara joateko gonbidapena luzatu dute antolatzaileek. Bertakoen zein inguruko bizilagunek jai giro bereziaz gozatuko dutela hitz eman dute: “Bertoko jaiak ezagutzen ez dituztenei etortzeko aukera bat ematea gomendatzen diegu. Behin etorri, ikusi eta probatuz gero, bigarrenez etortzea gustatuko zaie eta. Auzo txikia da gurea; ermita oso ondo kokatuta dago, eta buelta guztian pagadi oso polita daukagu. Auzo inguruko jendea beti batzen gara, eta gero, aparte, Zerutxu Dantza Taldeko umeak ikustera eta bertsoez gozatzera ere hurreratzen da jendea”.
EGITARAUA:
UZTAILAK 1, ZAPATUA:
- 17:00. Artako XI. Briska Txapelketa (izen ematea: 10 euro bikoteko).
UZTAILAK 2, ZAPATUA:
- 11:00. Meza Santua.
- 12:00. Zerutxu Dantza Taldearen emanaldia.
- Ondoren. Bertsolarien saioa: Nerea Ibarzabal eta Aitor Mendiluze ariko dira bertsotan.
- 18:00. Umeen jolasak.
- Egun guztian. Jose Luis Laja eta Lutxurdixo trikitilarien emanaldia.