Abian da Amorotoko HAPO idazteko bidea
Herritarren eta, bereziki, herritar gazteenen parte hartzea "nahitaezkotzat" jo dute Herri Antolamendurako Plan Orokorraren sorrera eta egituratze prozesuan.
Zelakoa izatea nahi dogu Amoroto hurrengo 20-25 urteetan? lelopean, Amoroton Herri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) idazteko prozesuan bete-betean sarturik daude. Joan den astean aurkeztu zizkieten udal ordezkariek herritarrei proiektuaren gidalerroak, eta argitu zuten HAPOren helburua herritarren bizi kalitatea “hainbat esparrutatik” hobetzea dela.
Hori dela eta, Asier Arrizabalaga alkateak nabarmendu du herritarren eta, batez ere, herritarrik gazteenen «parte hartze aktiboa» guztiz beharrezkoa izango dela: “Gazteek ezagutuko dute 25 urte barruko Amoroto eta, beraz, beren ekarpenak beldur barik proposatzeko eskatzen diegu, edozein motatakoak izanda ere”. Alde teknikoaren eta herritarren parte hartzearen arteko dinamizazio beharra ArrutiArk estudioak hartuko du; kontratazioak 184.000 euroko kostua eduki duela azaldu dute (BEZ barne), eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza ere jaso dute, prozesuaren garapenerako.
Zazpi fase edukiko ditu plan orokorraren lanketak. Lehenengoan, herritarren partaidetza sustatuko dute; saio informatiboak, inkestak eta tailerrak nabarmenduko dira. Bigarrenean, planaren aurrerakina eta hasierako agiri estrategikoa sortzea gehituko zaio lan informatiboari. Hirugarren fasean zehaztuko dituzte plan orokorra idazteko irizpide eta helburuen proposamen agiria, herritarren ekarpenekin osatua; laugarrenean, agiri horrekiko iradokizunak eta hobekuntzak aplikatuko dituzte, HAPOren hasiera agiria eratuz. Bosgarren fasea hasiera agiriaren helegite aldia izango da. Azken fase bietan HAPOren behin-behineko eta behin betiko onarpen agiriak egingo dituzte.
Asier Arrizabalaga: “Egungo Amoroto oinarri hartuta, herria alor guztietan hobetzea da plan orokorraren funtsa”
Bospasei urteko iragarpena. HAPO garatzeko, “bost edo sei” urteko epea aurreikusi dute. Arrizabalagak “epe ertain eta luzerako planteamendua” du ahotan: “Egungo Amoroto oinarri hartuta, herria alor guztietan hobetzea da plan orokorraren funtsa. Etxebizitza, azpiegiturak edota tokiko jarduera ekonomikoaz gain, ingurumenaren babesa, energiaren kudeaketa eta kultura ere barnebiltzen ditu”.