Mikel Saizar: «Inpaktu emozional negatiboa kalkula ezina da»
Karenka elkarteak Hezkuntza Batzordeari eskaera egin dio: Oihane Saizarrek 2023-2024 ikasturtean gela egonkorrean jarraitzeko aukera izatea.
Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordea egin zen ekainaren 23an, bertan, agerraldia egin zuen Mikel Saizar Portu Karenka elkarteko kideak, Urtza Alkorta Arrizabalaga Ondarroako alkatearen eta Estibalitz Arruti Osa zinegotziaren babesagaz: 2023-2024 ikasturteari begira Oihane Saizar ondarrutarraren egoera aurkeztu eta egoerari irtenbidea bilatzea izan zen agerraldiaren helburu nagusia, baina baita ere, hiriburuetatik urrun dauden herri eta eskualdeetako behar bereziak dituzten nerabeentzat baliabide eta irtenbideak eskatzea.
Oihane Saizarrek aniztasun funtzionala dauka, zehazki, garun paralisia dauka eta %93 desgaitasuna, aurten 21 urte beteko ditu eta legeak dioenaren arabera hezkuntza sistematik kanpo geratuko da. Karenka elkarteak eta familiak, Ondarroako Udalaren eta Lea-Artibai Amakomunazgoaren babesarekin eskaera bat luzatu diote Eusko Jaurlaritzako hezkuntza sailari: gaur gaurkoz, Saizarrek ez du beste aukerarik bere ibilbidearekin jarraitzeko, hortaz, salbuespen bat egitea eskatu diote.
“Gure egoera ez da bakarra, eskualdean bertan ezagutzen ditugu gehiago”
Saizar Zubi Zahar Herri Ikastolako ikaslea izan da, eta pandemiak eragindako itxialdia etorri zenean 17 urte zituen; bere azken ikasturtea burutzen ari zen. Mikel Saizar Karenka elkarteko kide, eta Oihaneren aitak, agerraldian azaldu zuenez, “itxialdian ez zuen inolako zerbitzu eta harretarik jaso hezkuntza sailetik”. 2020 ikasturtean ez zuen ikastolan jarraitzeko aukerarik eta Hezkuntza Sailetik jaso zuen irtenbidea izan zen eskualdetik kanpo zeuden gela egonkorretara joatea. “Gutxi gorabehera egunero ordu eta erdiko bidaia eskatzen zuenez, ezezkoa eman beharrean aurkitu ginen eta ikasturte osoa etxean egin zuen, amaren zaintzapean. Familia osoarengan eragin negatiboa izan zuen”.
Eskualdean behar bereziak dituzten ume asko egon arren, gela egonkorrik ez zegoen. Karenka elkarteak borroka sutsua egin zuen urte luzez, eta eskaerari indarra emateko Lea-Artibai eta Mutrikuko hezkuntza zentroetan galdetegi batzuk banatu zituzten, behar bereziak zituzten umeen kopurua jakiteko: “Gela egonkorraren beharra argi ikusi zen erantzun guztietan. Zenbakiek ematen ziguten indarrarekin Karenka elkarteak, Ondarroako Udalaren eta Mankomunitatearen babesagaz, gela egonkorra lortu zen Ondarroako BHIn”. 2022ko ikasturtean, ikasle batekin abiatu zen urtea, hain zuzen ere, Saizarrekin, baina 2022-2023 ikasturtean hiru ikasle egon ziren.
“Gaur egun profil batzuentzako aukera bat bakarra ere ez dago”.
Aurten Saizarrek 21 urte betetzen ditu, hortaz, Hezkuntza Sailetik familiari jakinarazi zioten ezingo zuela hurrengo ikasturtean gela egonkorrean egon. “Hezkuntza aldetik geneukan egoera mugatua gela egonkorrarekin hobetu zen arren, hezkuntzako ibilbidea amaitzen denean nerabe askok duten aukera sorta oraindik mugatuagoa da, gaur egun profil batzuentzako aukera bat bakarra ere ez dago”.
Egoera horren aurrean, eskualdeko talde ezberdinekin, Ondarroako Udalagaz eta Lea-Artibaiko Amankomunazgoagaz elkarlanean, Karenka martxan hasi zen, aukera hobeak bilatu eta eskualdeko egoera hobetzeko asmoz: “Eskualde mailan dagoen egoera aztertzen ari gara, nerabeentzako irtenbide posibleak zeintzuk izango litzatekeen ikusteko, horretarako nerabe taldeen profilak zehaztuz”.
“Maiatzaren 9an, gutun bidez, gure eskariari ezezko erantzuna jaso genuen”.
Irtenbide beharra. 2023ko ikasturterako oraindik irtenbiderik ez dutela ikusita, Begoña Pedrosa hezkuntza sailburuordeari eskaera zuzen bat egitea erabaki zuten: Oihane Saizar ikaslearentzako salbuespen bat egitea, Ondarroako BHIn dagoen gela egonkorrean beste urte batez jarraitu ahal izateko. “Maiatzaren 9an, gutun bidez, gure eskariari ezezko erantzuna jaso genuen”. Ekainaren 6an, berriz, ezezkoari erantzun zioten: “236/2015eko abenduaren 22ko dekretuak zer dioen jakinda (legearen arabera 21 urtetik gorako haurrek ezin dute eskolatuta jarraitu), berriro eskatu genuen salbuespena egiteko: Oraindik ez dugu erantzunik jaso”.
Eskualdeko egoera. Saizarrek argi utzi zuen, kasu honetan, egoera bakar baten gaineko eskaera egitera joan ziren arren, eskualdean egoera gehiago daudela: “Gure egoera ez da bakarra, eskualdean bertan ezagutzen ditugu, tartean gure elkartekide diren batzuenak, ikasteko aukerarik izan ez dutenak, hezkuntzatik kanpo aukerarik izan ez eta etxean gelditu direnak eta oraindik daudenak. Kasu asko eta behar asko daude, baliabideak behar dira egoera horiek hobetzeko”.
Ezjakintasuna eta ziurgabetasun egoeran daude gaur gaurkoz Saizar eta familia: “Zer izango litzateke zuentzako abuztua iritsi eta ez jakitea zuen seme edo alabak aulki bat izango duen edo ez, edo bere irakasle batzuk urrira arte joango ez direla jakitea, behar duen laguntza izango ez duela, etapa bat bukatu eta hurrengo ikasturtean nora joango den ez jakitea… Gure kasuan urtero bizi izan dugun egoera bat izan da, enpatia praktikatzeko ariketa bat”.
“Behar bereziak dituzten gazteentzako irtenbide egokiagoak bilatu behar dira; euren etxeetatik ahalik eta gertuen, baliabide eta aukera egokiak eskainiz”.
Egoerak dakarren pisuari, eskualdearen kokapenak dakartzan oztopoak gehitu behar zaizkio: “Egoera berdinean dauden nerabeen gurasook nahikoa lan badaukagu euren eguneroko zaintzan, bai etxean eta baita osasun arloan ere, egin behar ditugun ostera guztiekin, fisiora, logopedara, kontsultara… eta ia beti Bilbo, Donostia edo Eibarrera joan beharra dugu. Horrez gain, hezkuntza arloan ematen ditugun pauso bakoitzerako lorpen bakoitzerako Jaurlaritzara, erakundeetara joan beharra. Horrek suposatzen duen neke fisikoa eta inpaktu emozional negatiboa kalkula ezina da”.
Hortaz, erabakitzeko eskubidea ere aldarrikatu zuten: “Probintzia mugetan bizi garenok geure lekuak aukeratzeko aukera izatea eta Euskal Autonomia Elkartean hiriburuetatik urrun dauden herri eta eskualdeetako behar bereziak dituzten gazteentzako irtenbide egokiagoak bilatzearena; euren etxeetatik ahalik eta gertuen, baliabide eta aukera egokiak eskainiz”.