Bertoko basoen aldeko ekimenak txalotu ditu Eguzkik
Berriatuko Hostozabal Elkartea adibide jarri dute, eta egiten duten lanaren beharra erdigunean jartzeaz gain, egindako lanaren garrantzia azpimarratu dute.
Eguzki Talde Ekologistatik baso autoktonoak bultzatzen dituzten ekimenak txalotu nahi izan dituzte. “Gero eta gehiago dira arrazoi bategatik edo besteagatik beren lurrak kudeatu nahi ez dituzten jabeak, baina ingurumenarekiko sentikorrak dira, eta kudeaketa hori hemengo basoak sortzearen aldeko talde bati lagatzea erabakitzen dute”.
Berriatuko Hostozabal Elkartea adibide jarri dute, eta egiten duten lanaren beharra erdigunean jartzeaz gain, egindakoaren garrantzia azpimarratu nahi izan dute: “Ekologista garen aldetik, keinu horiek oso garrantzitsutzat jotzen ditugu gure lurraren orainaldirako eta etorkizunerako, eta jendaurrean eskertu nahi dugu. Baita hemengo basoak berreskuratzearen aldeko gero eta talde gehiago ere”.
Baso sailaren eta basoaren arteko ezberdintasuna azaldu nahi izan dute, batik bat, elkarte eta norbanakoek egiten duten lana ikusarazteko asmoz: “Baso sail batek eta baso batek ez dute zerikusirik. Biak zuhaitzak dira, baina, adibidez, pinu edo eukalipto pilo bat ez da basoa, landaketa baizik. Basoak oso gutxitan sortzen dira espezie bakar batez: zuhaixkak daude, espezie igokariak daude, animalia gehiago bizi dira bertan, mikroorganismo gehiago, eta segida-prozesu bat dute, garaiera aldatzen dute, zuhaitzen zabalera, beste ezaugarri batzuen artean, bakar egiten dituztenak”.
Kasu honetan, Berriatuko Asterrika auzoan dagoen Koosti izeneko lursailaren jabe den familia jartzen dute adibidetzat, baso autoktonoa lantzeko lanean sartu delako. Zortzi hektareako azalera duen lursail batean, pinuak eta eukaliptoak moztu ondoren, zuhaitz autoktonoen kimuak moztu gabe utzi dituzte, eta beste ehunka zuhaitz landatu dituzte, hala nola, sagarminak, lizarrak, urkiak, artak, gaztainondoak, gorostiak, haritzak, eta abar.
Aurten sei hektarea landatu dira eta datorren urtean beste bi landatuko dira.”Inguru horretan arteak erraz ugaltzen direnez, gure iritziz, datorren urtean espezie horrekin gehiago berritzea gomendatzen dugu, etorkizunean bizirauteko bermeak handiagoak izango baitira”. Hortaz, eskerrak eman nahi izan dizkiete egindako lanagatik: “Eskerrik asko ingurumenarekiko eskuzabaltasunagatik eta gure lurraren defentsan egindako ekarpenagatik”.