Itsasoan desagertutako mutrikuarrak gogoan
Asko izan dira Moila Zaharrera hurbildu diren herritarrak, gaur [ekainak 29] San Pedro Egunean itsasoan desagertutako mutrikuarrak gogoan izan eta merezitako omenaldia eskaintzeko.
Txistularien doinuarekin, arrantzale jantzitako dantzariek eskainitako dantzarekin gozotu dute hurbildu direnen eguerdia. Herriaren nortasuna arrantza izan duen Mutrikuko herria erdigunean jarriz, iraganera begirada jaurti eta etorkizuna eraikitzeko beharrezko oinarriak sendotu dituen belaunaldiari erreparatuz.
Desagertutakoak gogoan izan eta familia zein ondorengoei babesa emateko asmoz egiten da omenaldia, eta “jarraituko da egiten”. Mikel Laboaren Txoria txori abestu dute gitarraren doinuen laguntzarekin, eta ondoren emozioz beterik, krabelinak jaurti dituzte uretara.