Mutriku STk Muruetan lehiatuko du 600 kiloko finala
Gizonezkoen 600 kiloko finalaz gain, emakumezkoen 500 kiloko kanporaketa ere lehiatuko dute.
Datorren domekan [uztailak 2] lur gaineko 600 kilogramoko sokatira txapelketako finala lehiatuko dute Muruetan. 12:00etan, sokatira talderik puntakoenak Larrabe auzoan elkartuko dira. Txapelketako lehen bi jardunaldiak joan den zapatuan [ekainak 24] lehiatu zituzten, Leioan. Egutegi kontuak zirela eta, egun bakarrean jardunaldi bi egin behar izan zituzten, eta Gaztedi A taldea izan zen nagusi. Ondoren sailkatu ziren, hurrenez hurren, Goiherri, Akelarre, Mutriku Sokatira Taldea eta Gaztedi B.
Muruetako hitzordurako ere, Gaztedi A izango da hautagairik azpimarragarriena. Izan ere, azken denboraldiotan maila oso handian aritu baldin badira, aurten are sendoago daude. Talde horri aurpegia erakutsi beharko lioke, ondobidean, Goiherrik. Mutriko STren eta Akelarreren artean ere lehia gogorra egotea aurreikusten da. Gazte B, ostera, maila bat beherago dago.
Emakumezkoei plaza bat. Gizonezkoen 600 kiloko finala lehiatuko duten arren, ez da Muruetan egongo den tiraketa bakarra izango. Izan ere, emakumezkoeen 500 kiloko lur gaineko lehen kanporaketa ere egongo da. Leioan, iragan asteburuan, talde mistoetan lehiatu zuten zenbait emakumek eta maila handia erakutsi zuten. Muruetan, baina, euren kabuz lehiatzeko aukera edukiko dute.
Mutriku STk Leioan partaide gaztez osaturiko taldea plazaratu zuen, eta lehen jardunaldi bietako jomuga gazte horiek “eskarmentua hartzea” izan zen: “Gazteotako batzuk beste kirol alor batzuetatik zetozen eta beste zenbait ikasketak egiten ari dira. Beraz, euren egokitzapen prozesuan laguntzea eta apurka-apurka ikasten joatea izan zen taldearen helmuga nagusia”. Muruetara begira, taldekideak “pozik” daude, udalerri hori sokatira lehiaketen egutegira bildu izanagatik, eta inguruko ikusleei ikuskizunaz gozatzera joateko deialdia luzatu diete.