Pello Bilbao: "Lehen bi etapak helburu ditut, Gino Maderren omenez garaipena lortzeko"
Lea-Artibai eta Mutrikutik igaroko Bilbon hasi eta amaituko den Frantziako Tourreko lehen etapa. Pello Bilbao gernika-lumotarra da 'Grande Boucle'-an parte hartuko duten zazpi txirrindulari euskaldunetako bat.
Txirrindulariak pedalei eragiten hasteko prest daude. Datorren zapatuan [uztailak 1] emango zaio hasiera Frantziako Tourrari, Bilbon. Profesional mailako txirrindularitza egutegiko lasterketarik esanguratsuenak Euskal Herrian egingo ditu bere lehen hiru etapak eta, hain zuzen ere, Lea-Artibaitik eta Mutrikutik pasatuko da hirugarren egunean. Ziklistarik puntakoenek puntako ibilbidea edukiko dute, zaleen gozamenerako. Lehen etapa Bilbon hasi eta amaituko da; bigarrenak Gasteiztik Donostiarainoko bidea beteko du; hirugarrenak, aldiz, Zornotza eta Baiona lotuko ditu.
Hirugarren etapan, astelehenean [uztailak 3] pasatuko dira txirrindulariak Lea-Artibai eta Mutrikutik. Zornotzatik hasi eta Lapurdiko hiriburura bidean, 193 kilometroko ibilbideagaz, tropela hirugarren mailako Trabakuako mendatetik (4,1 km %5,4ra) sartuko da eskualdera. Jarraian, laugarren mailako Milloi (2,3 km %4,5era) igoko dute Plazakolatik, Oletara jaisteko; ondoren, Lekeitiotik Ondarroara arteko kostako bideari ekingo diote. Mutrikutik pasata, mendateen festak jarraituko du: hirugarren mailako Itziar (5,1 km %4,6ra) eta Orioko Benta (4,6 km %6,3ra) igoko dituzte, baita puntuagarria izango ez den Gaintxurizketako aldapa ere. Azken zatia leunagoa izango da eta, beraz, litekeena da Baionan tropel osoko esprinta egotea.
Pello Bilbao: “Lehen bi etapak ondo egokitzen zaizkit, eta euren lehian egon gura dut”
Etapa ehiztarientzat ez ezik, sailkapen orokorra lehiatu beharko duten txirrindularientzat egokia izango dira lehen bi etapak. Faboritoen artean, besteak beste, Wout van Aert, Mathieu van der Poel, Tadej Pogacar, Julian Alaphilippe, Mattias Skjelmose Jensen zein Thomas Pidcock. Horien artean sartzea du helburu Pello Bilbao Bahrain Victorious etxeko gernika-lumotarrak. Lehen bi etapak “begiz jota” ditu; horiexek dira Tourreko bere jomuga nagusiak. “Lehen bi etapak ondo egokitzen zaizkit, eta euren lehian egon gura dut. Hortik aurrera, estrategiaz aldatuko dut, eta Mikel Landari ahal bezainbeste laguntzen saiatuko naiz”, azaldu du.
“Mota guztietako etapen lehian egoteko moduko zortzikoa daukagu; talde balioanitza da”
Maderren omenezko pedalkadak. Landaz eta Bilbaoz gain “talde balioanitza” aurkeztuko du Bahrain Victoriousek: “Mota guztietako etapen lehian egoteko moduko zortzikoa daukagu: Phil Bauhaus esprinterra eta Alfred Wright nahiz Nikias Arndt bideratzaileak ditugu, etapa leunetarako; erdi eta goi mailako mendiko etapetan, aldiz, Wouter Poelsek eta Jack Haigek behar handia egin dezakete; horiez gain, Matej Mohoric moduko ehiztari eraginkor bat ere badakarkigu Tourrera”. Gainera, berriki lehiatu duten Suitzako Itzulian taldeak kolpe gogorra jaso zuen, eta tragedia horri aurre egiteko ere lehiatuko dute Tourra: “Gino Mader taldekidea erokiko batean zendu zen eta, hori atzean uztea oso gaitza izan den arren, bere alde emango ditugu pedalak; posible balitz, bere omenez garaipena lortu gura nuke lehen bi egunetan, etapa bi horiek helburu argia dira”.
Tadej Pogacar eta Jonas Vingegaard dira sailkapen orokorrerako faborito nagusiak, baina podiumerako hautagaitza zerrenda oso luzea da
Hautagaiak. Sailkapen orokorreko lehiarako, Pogacar eta Jonas Vingegaard daude guztien ahotan. Nolanahi ere, podiumerako hautagaien zerrenda luze-luzea da: David Gaudu, Richard Carapaz, Dani Martinez, Romain Bardet, Jai Hindley, Enric Mas, Simon Yates, Ben O’Connor, Guillaume Martin, Alexey Lutsenko, Louis Meintjes edota Michael Woods. Ziklistek aurretik edukiko dituzten lanak ez dira makalak. Bilbo eta Paris bitartean, 3.410 kilometro egin beharko dituzte, eta 70 mendate puntuagarri. Ikuskizuna hastear da, eta eskualdeko errepideak txirrindularien esperoan daude.