Urdinez jantziko da Ondarroa, badator 24. Zapato Azule
Hamar urte igaro dira Esne Beltzaren abestia eta bideoklipa kaleratu zirenetik. 226 lagunek egingo dute Tolosa eta Ondarroa batzen dituen Dinamartxa.
Radixu Irratiak antolatu eta hitzordu ukaezina bilakatu dena, herriaren jairik esanguratsuenetakoa, Euskal Herriko txoko guztietatik etorritako jendea biltzen duena eta, zelan ez, urdinez jantzita: bihar da Ondarroako Zapato Azule.
Urteurren berezia ere ospatuko da bihar, hain zuzen ere, hamar urte igaro baitira Esne Beltzak Zapato Azuleko abestia kaleratu zuenetik eta baita ere Radixu Irratiak herritarrekin batera bideoklipa grabatu eta kaleratu zuenetik. Jaia entzutetsua zen, eta orduan eta ezagunagoa bilakatu zuen abestiak, txoko guztietara helduz: […] Ondarru kolorez janzten daben Zapato Azule […].
Urtero legez, antolatzaileek gogor ekin diote eguna antolatzeari, eta egitaraua ondo beteta dator. 11:00etarako hasiko dira antolatzaileak martxan, kaleko zuzeneko emisioagaz (105.5 FM edo radixu.info): jaiaren xehetasun guztien jarraipena egiten ariko dira. Ordu berean, Euskal Herriko Kamiseta Azoka irekiko dute, Latxanbre Plazan. 12:00ak emanaz batera, hasiera ofiziala emango diote 24. Zapato Azulari.
Dinamartxa. Jaieguna berezi egiten duten hainbat gauza daude, tartean, Dinamartxaren ailegaera. Korridore horretatik igaro denak badaki zer den herriaren babesa sentitzea. Egindako ibilbidearen nekea kolpe batez desagertu eta irribarreari lagatzen dion lekua. Dina Bilbao Barruetabeñaren omenez egiten diren kirol jarduerak aurten ere parte hartze handia edukiko dute.
Izen emateak itxita, 226 lagunek osatuko dute Tolosa eta Ondarroa arteko ibilbidea. Hain zuzen ere, 181 lagunek osatuko dute ibilbidea bizikletaz eta 45 lagunek egingo dute oinez mendiz mendiko ibilbidea, aurreko gauean aterata.
Erasoen kontrako arreta zerbitzua martxan egongo da; 18:00etatik 08:00etara aurrez aurreko zerbitzua telefono zerbitzua.
Guneak. Kafeatzean, Zubi Zahar Herri Ikastolaren gunea egongo da, Musika Plaza eta herriko frontoia aurten ere bi gunetan banatuko dituzte, eta Ernai izango da antolakuntzagaz arduratuko dena. Itsasaurren ere gunea egongo da, eta Gazte Koordinadora Sozialista izango da antolakuntzaren ardura izango duena. Hiru gune horietan musika izango da protagonista, eta eskaintza zabala egongo da, gustu guztiei zuzendua.
Gorde zenbakia. Ondarroako emakumeen Udal Berdintasun Kontseiluak eta Radixu Irratiak elkarlanean, Zapato Azulean erasoen kontrako arreta zerbitzua martxan jarri dute; 18:00etatik 08:00etara aurrez aurreko zerbitzua eskainiko dute Etxelilan (Artibai 3) eta telefono zerbitzua ere egongo da (688 77 27 72). Gerta daitezkeen erasoak identifikatu eta behar den neurriko erantzuna ematea ahalbidetu nahi dute.