2.861 herritar elkartuko dira Markina-Xemeingo Karmen jaietako herri bazkarian
Udalak mahaien antolaketari eta zirkulazioari buruzko informazioa jakinarazi du.
Markina-Xemeingo Karmen jaietako egunik handiena uztailaren 15a izango da, beste urte batez herri bazkarian elkartuko dira markina-xemeindarrak. Guztira 2.861 herritarrek eman dute izena, iaz baino 218 pertsona gehiagok. Zelaiko antolaketa ahalik eta onena izateko, udalak mahaien banaketa jakinarazi du.
Betiko legez, Herri Bazkariaren ostean markina-xemeindarrek Herritxouaz gozatzeko aukera izango dute. Parte hartu nahi dutenek, bakarka zein taldeka, udaletxean eman behar dute izena uztailaren 6a baino lehen. Hemen Be Bai merkatari elkarteak hainbat bono banatuko ditu parte hartzen dutenen artean.
MAHAIETAKO PLANOA ETA SUKALDATZEKO GUNEA
Aldaketak. Karmen jaiek zenbait aldaketa eragingo ditu herriko barne zirkulazioan. Barikuan [uztailak 7] jarriko dira martxan barrakak Zelaibarriko eremuan. Ordura arte, Udaletxe atzeko errepidea zabalik egongo da Ostekokalera eta Beheko Mojen plazara sartzeko. Behin barrakak martxan jartzen dituztenean, errepidea itxi egingo dute Frai Bartolome kalean, eta Zelaibarriko eremua oinezkoen gunea izango da.
Garajeei dagokionez, Ostekokaleko garajeetako ibilgailuak Artibai kaletik atera behar dira. Garajeetako sarrerak mantendu egingo dira Xemein etorbidean, Aldaolan, Ostekokalean eta Abesuan.
Barikuan [uztailak 7] Xemein etorbideko eta Abesua kaleko aparkalekuak hustu beharko dira, zapatuan [uztailak 8] duatloia eta krosa egiteko, eta uztailaren 10ean txosnen muntaia ahalbidetzeko. Era berean, gogoratu dute Arretxinaga etorbideko Zelaialde (Grupo Eibar), Kanposantu ondoko eta Lea-Artibai Ikastetxe barruko aparkalekuak erabilgarri egongo direla.
Azkenik, taxi geltokia autobus geltokiaren parera lekualdatuko dute, uztailaren 7tik txosnen desmuntaia amaitu arte.