Zapato Azularen balorazioa egin du eraso matxistei aurre egiteko herri protokoloaren koordinazio mahaiak
Bi eraso salatu zirela zehaztu dute, eta bost lagun txosnagunetik kanporatuak izan zirela jarrera desegokiagatik.
Zapato Azuleko balorazioa egiteko batu da jaietan eraso matxistei aurre egiteko Herri Protokoloaren koordinazio mahaia eta ondorengo eragileek parte hartu dute: Radixu Irratia, Ondarroako emakumeen Udal berdintasun Kontseiluaren bi ordezkari, Ondarroako Udala (EH Bildu eta EAJko ordezkari bana) eta Txosnaguneetako ordezkariak (Danak Etxea, Ernai eta Zubi Zahar Ikastola).
Aurten urte osoko lanketa egiteaz gain, hainbat jarduera eta tresna espezifiko jarri zituzten martxan Zapato Azulari begira. “Herri Protokoloaren koordinazio Mahaiaren zeregina da -intimitatea eta konfidentzialtasuna bermatuz- erantzun soziala koordinatzea eta aktibatzea, hala badagokio. Indarkeria matxista egiturazko arazo soziala den heinean, elkarlana eta erantzun kolektiboa behar dituela sinesten baitugu”. Eraso matxisten arreta zerbitzua martxan egon zen Zapato Azulean, eta horren bidez, erasotuentzako aholkularitza eta akonpainamendua bideratzeaz gain, “gertatzen diren eraso matxisten berri eduki nahi izan dugu, kasuak erregistratzeko eta ikusgarri egiteko”.
Zapato Azulean 2 eraso matxista salatu zirela zehaztu dute, eta bi aldiz aktibatu zen protokoloa, “zegokion erantzuna bideratuz”. Horrez gain, 5 pertsona txosnaguneetatik kanporatuak izan ziren jarrera desegokiagatik. “Honek ez du esan nahi beste eraso matxistarik egon ez zenik. Jakitun gara eraso matxisten erradiografia ez dela errealitatera hurbiltzen, soilik salatu diren erasoak zenbatu eta ikertzen direla, eraso gehienak ez direla salatzen edota ez dira eraso matxistatzat hartzen”.
Horrez gain, azken egunetan Ondarroan zabaldu diren zurrumurruen aurrean Ondarroako Udalak jarraipena egiten ari dela zehaztu du: “Udala beste erakunde batzuekin koordinatuta dagokion jarraipena egiten ari da, informazioaren erabilera oso zaindua egin beharrean gaude, pertsonak, lagunak eta familiak baitaude atzean. Intimitatea eta konfidentzialtasuna bermatu behar dugu. Erantzun sozialak betiere erasotuaren erabakia, erritmoak eta denborak errespetatu behar ditu. Erasotuak erabaki ez duen gehiegizko esposizioa ekidin beharrean gaude. Zauriak eta minak ez handitzeko, eta ahal den neurrian, erreparatzeko”.
Lan saioa. Andra Mari jaiei begira eraso matxisten arreta zerbitzua egunero mantenduko dela zehaztu dute, eta lanketa kolektiboan sakonduko dutela. Hortaz, lanketan inplikatzeko deia egin dute, uztailaren 18an 09:00etan Etxelilan egingo da lan saiora hurbiltzea eskatuz: “Ondarruko norbanako, elkarte eta eragileak animatu nahi ditugu, lanketa honetan inplikatu daitezen. Besteak beste, lan saio bat aurreikusten dugu, eraso matxistei aurre egiteko protokoloaren hobekuntzak adostu eta herrira sozializatzeko; bereziki deia egiten diegu herriko tabernariei lanketa honetan inplika daitezen. Gure konpromiso kolektiboa berresten dugu indarkeria matxistaren kontrako borrokan. Eraso matxistarik gabeko jaien alde lanean jarraituko dugu”.