Ikuskizunagaz gozatzeko asteburua
Eusko Label Ligaren asteburuko estropadetan seigarren eta bederatzigarren sailkatu da Lekittarra eta bederatzigarren eta hamabigarren Ondarroa.
Ikuskizuna hasi baino ez da egin. Liga luzea izaten da, eta indarrak neurtzea eta mailari eustea izaten da arraun taldeen erronka. Galiziar uretan hasi zituzten aurreko asteburuan Eusko Label eta Eustroren ligak, eta Euskal Herrira bueltan, ikuskizun ederra eskaini dute Donostian eta Zierbenan.
Lea-Artibaiko taldeei dagokionez, txanponaren bi aldeak ikusi dituzte asteburuan; Lekittarra seigarrena izan zen zapatuan (uztailak 8), eta sailkapen orokorrean ere seigarren postura igo zen, baina, atzo bederatzigarren amaituta, zortzigarrenera bueltatu zen; 16 puntugaz berdinduta dago Kaikugaz. Ondarroa azken postuan sailkatu zen atzo, eta bederatzigarren amaitu zuen zapatuan. Sailkapeneko hamargarrena da, eta lau puntura ditu Kaiku eta Lekitarra zein Santurtzi eta Samertolameu.
Bestalde, itxarotako garaipena heldu zitzaien Bermeo Urdaibairi eta Oriori atzo. Biek ala biek aurtengo ligako lehenengo banderak irabazi zituzten. Zapatuan, ostera, emakumezkoetan zein gizonezkoetan Donostiarrak lortu zituen etxeko banderak.
Atzo bigarren luzean apurtu zuten estropada Urdaibaikoek, eta “olatu gainean burutu zuen estropada”. Bere txandan aritu zen Hondarribiari 18 segundo eta 8 ehuneneko aldea atera zion. Bigarren txandako azkarrena izan zen Cabo da Cruz sailkatu zen hirugarren, Urdaibairengandik 23 segundo eta 46 ehunenera, eta Kaiku izan zen laugarrena (Caboren atzetik geratu zen bigarren txandan), lehen sailkatuarengandik 27 segundora.
Bigarren txandan, Caborengandik hamar segundora sailkatu zen Lekeitioko taldea, eta, era berean, lehen txandako azkena izan zen Ondarroa, Oriorengandik 11 segundo eta 54 ehunenera amaituta.
Lehia estua emakumezkoetan. Euskotren Ligaren III. Edinor Banderan lehia bizia eduki zuten. Bigarren txanda zirraragarria izan zen. Hasieran Orio aurreratu bazen ere, Donostia Arraun Lagunak heldu zen aurretik ziabogara. Bigarren luzean Orio, Arraun Lagunak eta Tolosaldea berdinduta aritu ziren, eta estropadaren azken metroetan segundu bakarreko aldea egon zen hiru traineruen artean. Azkenean, 2022ko Euskotren Ligako txapeldunak lortu zuen bandera; Tolosaldea segundo bakarrera sartu zen, eta Arraun Lagunak bira. Txandako eta banderako laugarren postua Donostiarrarentzat izan zen.
Lehenengo txandan Hondarribiak eta Hibaikak ere lehia estua eduki zuten, eta Ama Guadalupekoa nagusitu zen.
Bestalde, zapatuan, estropada amaiera zirraragarriaren ostean, etxeko taldeak 20:10,42 denboragaz irabazi zuen Eusko Label Ligaren XV. Bandera Fabrika; segundo 1 eta 74 ehunenera sailkatuta Zierbena izan zen bigarrena, eta 5 segundo eta 48 ehunenera geratu zen Urdaibai hirugarrena. Hondarribia, berriz, laugarren sailkatu zen Donostiarrarengandik 9 segundo eta 72 ehunenera.
Donostiarrak, Urdaibaik, Lekittarrak eta Ondarroak osatu zuten bigarren txanda. Donostiarrak 22 segundo eta 44 ehuneneko aldea atera zion Lekittarrari, eta 33 segundo eta 36 ehunenekoa Ondarroari.
Euskotren Ligari dagokionez, estropada eremuan marka berria ezarri zuen Donostiarrak: 10.44,90. VII. Fabrika Banderan, etxeko taldeak ziabogatik bueltan hartu zuen estropadaren burua, eta helmugaraino eutsi zion abantailari. Donostia Arraun Lagunak bigarren izan zen, 4 segundora eta Orio eta Tolosaldea sailkatu ziren bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Hondarribia izan zen onena lehen txandan.