Ager Solabarrieta ondarrutarrak urrezko eta zilarrezko dominak lortu ditu Munduko Kopan
Ondarrutarra "oso pozik" dago, eta azpimarratu du Europako eta Munduko Txapelketetarako "maila oso onean" dagoela.
Solabarrieta etzandako kategorian txapeldun geratu da gaur (uztailak 11), Kroaziako Osijek hirian, eta “oso pozik” dago. Zein mailatan dauden ikustera joan dira txapelketara, eta “maila oso onean” daudela frogatzeko balio izan die.
Finalerako sailkapenean lehenengo geratuta sartu da gaurko finalean, bigarrenari bederatzi puntuko aldea aterata. Atzoko entrenamenduetan “oso ondo” aritu zen, eta gaur sentsazio berarekin aritu da: “Sailkapenean botatzen hasi naizenean, oso ondo sentitu naiz. Finaletan urduritasunak etortzen dira, baina sartu garenean lekua oso ondo topatu dugu, eta sartu dudan azkenengo tiroa kenduta, zortzikoa, beste guztiak oso onak izan dira”.
Zutikako kategorian domekan (uztailak 9) lehiatu ziren, eta zilarrezko domina eskuratu zuen. Entrenamendu onen ostean, katetoria horretan ere lehenengo postuan sailkatu zen finalera. “Finalean ez nintzen ondo hasi, eta, gero, gutxika-gutxika goruntz joan nintzen, eta azkenean tiro eskas bat bota nuen, eta bigarren geratu nintzen”. Final “estua eta oso interesgarria” izan zen, lehenengo hirurak puntu biren barruan aritu baitziren. Urduritasunak eragina eduki zuela zehaztu du, baina, hala ere, bere “finalik onenetakoa” egin zuen.
Ager Solabarrieta: “Egin dugun beharra fruituak ematen ari da; bide onean goaz. Maila oso onean gaude”.
Abuztuaren 15etik 21era Europako Txapelketa lehiatuko du, eta irailean, berriz, Munduko Txapelketan ariko da: “Egin dugun beharra fruituak ematen ari da; bide onean goaz. Hiruzpalau gauza ditugu zehazteko edo fintzeko, hori ikastera etorri gara, eta oso pozik goaz bueltan etxera”. Halako garaipenak lortzera sekula ez dela ohitzen dio: “Munduko Txapelketan seigarren amaitu nuen, herenegun bigarren eta gaur lehenengo. Egia esan sentsazioak eta puntuazioa hobeak izan dira, baina beti bota behar da. Gaur oso pozik irten naiz, Rotterdamera begira maila oso onean nagoela ikusi dudalako. Gure helburua hori zen, zein mailatan gauden jakitea, tiratzeko eran hiruzpalau aldaketa egin ditugu, eta ikusi da aldaketak onerako izen direla”.

Argazkia: Ager Solabarrieta.