Amandarrikoek Mussara 24h proba irabazi dute
24 orduko Mussara 24h bizikleta lasterketan nagusi izan da Lekeitioko Amandarri Triatloi Taldea, asteburuan, Circuit de Barcelona-Catalunyan.
Sei kideko kategoria irabazi zuten, eta baita sailkapen orokorra ere. 4,7 km luze den zirkuituan 24 ordutan ahalik eta bueltan gehien ematea zen erronka. Erresistentzia proba horretan, estrategiak garrantzia dauka, baina, planifikazio zehatz barik joan ziren bertara. Kasualitatez izan zuten probaren berri, eta, beraz, aurretiazko prestaketa-lan barik bertaratu ziren. Hala, esperientzia berri honetan gustura aritu dira. “Lagun batzuk Gironako triatloi batean izena emanda zeuden, baina urtegian ur gutxi zegoelako bertan behera geratu zen. Proba honen berri izan zuten, eta taldean komentatu zuten eta animatu egin ginen”, azaldu du Haritz Garatek.

Argazkia: Mussara 24h
Bi orduro erreleboak egitea pentsatu zuten, baina, proban bertan estrategia aldatu zuten, “egoerara egokitzen joan behar” izan zuten: “Beste taldeek walkie-talkie-ekin zeudenez, momentuoro kanpoko box-ekoekin komunikatzen ziren. Guk halakorik ez genuen eroan”. 7 minutu inguruan osatzen zuten buelta: “Bizikletan zebilenak ez zekien kanpoan zer gertatzen zen, eta kanpoan zeudenek pista barruan gertatzen zena ere ez zekiten. 7 minuturo taldekide bat zegoen bizikletan zebilenari galdetzeko ea aldaketarik behar zuen edo ez; lorik ere ez genuen egin. Besteek deskantsatzeko aukera eduki zuten”.
Amandarrikoen ustez, “eurak baino maila altuagoko” txirrindulariak zeuden euren kategorian, baina “momentu on eta erabakigarrietan erabaki onak” hartzen asmatu zuten eurek: “Horrek irabaztea ahalbidetu zigun”. Gogorrena gaueko tartea izan zela diote: “Sekula ere ez gara gauez bizikletan aritu, eta errelebokako halako proba batean parte hartu dugun lehenengo aldia izan da. Agian, alde positiboa eta negatiboa gaua bera izan zen, bere gogortasunagatik, baina aldi berean guretzako gauza berria zenez, horrek eman zigun indarra edo motibazioa”. Gustoko lekuan aldaparik ez dagoela berretsi dute taldekideek: “Askotan gauza berriei ateak zarratzen dizkiegu. Ezinezkoa iruditu arren, lagunartean eta harreman on bategaz lortzen dala erakusten dute halako esperientziek”.